Gaia urte hasiera honetan Batzar Nagusietara heldu da, EHBilduk hilabete hasierako osoko bilkuran, Jose Ignacio Asensio foru diputatuari eginiko interpelazioaren bidez. Aipatu Artaxoako enpresak "nekazaritzako ongarrrirako konposta sortzen du. Hortaz, kezkagarria da nekazaritzako produkziorako, eta beraz, elikagaien ekoizpenerako bideratutako produktu batek erraustegi batean sortutako hondakinak jasotzea. Ez dirudi hondakin horiek arriskutsuak ez direla aztertu edo egiaztatu denik", zioen Jon Altolagirre batzarkideak.
"Baimendutako kodea"
Lixibiatuok erraustegikoak direnik ukatu zuen Asensiok, "tratamendu horrek ez duelako lixibiaturik sortzen. Tratatamendu mekaniko biologikoko instalazioko tratamendu aerobikotik datorren lixibiatua da", bere esanetan, ingurumen baimen bateratuan jasoa dagoena. Ildo beretik, gaineratu zuenez, "Eusko Jaurlaritzak baimendutako kodea du" eta horren bidez, gai honetan eskumena duen "Jaurlaritzaren baimena du kanpo kudeaketa egiteko". Kodeok "beti jatorriaren arabera zehazten dira" zehaztu zuen. Honenbestez, zioenez "ez da zuzena esatea, kodea ez dela egokia". Nafarroako Gobernua nahastu egin zela adierazi zuen, "hor dago akatsa nire ustez".
Erraustegian aurrera begira arazorik sortzen bada, orain arte bezala jardungo dutela iragarri zuen, "espedienteak irekiz eta instalazioak beti bezala funtzionatzen jarrai dezaten behar bezalako neurriak hartuz, behar badira noski". Kontrol publikoa "gardentasun osoz" egiten segiko dutela gaineratu zuen Asensiok.
Gardentasun eskaera
EHBilduko ordezkariak adierazi zuenez, Zubietako erraustegiak urteotan arazo bat baino gehiago izan duela zioen eta "badagoela kezka bat eta funtzionamendu arazoak", urteotan ezagutzen joan direnak. "Herrialdeko lehen indar politiko moduan, jarraipen zorrotza egin beharko diegu kontu hauei guztiei; argi dago hondakinen politikak, gardentasuna eta zorroztasuna behar duela izan".