Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoara garraiatutako lixibiatuen gaia pil-pilean den honetan, tratamendu planta honi lotutako beste kontu bat ere jakinarazi dute egunotan. Izan ere, Zubietako erraustegian hidrogeno berdea ekoitzi nahi dute. Proiektu honi buruzko argibideak emateko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari eta Foru Aldundiko jasangarritasun arloko diputatu Jose Ignacio Asensioren agerraldia eskatu du Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Agerraldi hau datorren astelehenerako dago iragarria, urtarrilaren 29rako.
Izan ere, egun horretarako finkatua du bilkura Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeak, goizeko 9:30etan. Agerraldia zuzenean jarraitu ahalko da Batzar Nagusien web orrialdetik.
Elkarrekin Gipuzkoa taldeak agerraldi eskaera horretan azaldu duenez, galdegiten dutena da "zehatz azaltzeko zergatik erabaki den Zubietako erraustegian hidrogeno berdea ekoizteko proiektu bat bultzatzea, norekin kontratatu den proiektu hori, zenbat energia erabiliko den prozesuan eta ea bateragarria den gaur egun hondakinak erretzetik sortzen den elektrizitatetik abiatutako balorizazio energetikoarekin". Horrekin batera, zera jakin nahi dute; "zer hidrogeno kantitate ekoiztea aurreikusten den eta hidrogeno hori zertarako erabiliko den azaltzea eskatzen dugu".
Asensiok berak azaroaren 17an Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordearen agerraldian adierazitakoaren haritik dator argibide eskaera hau.
Aldaketen berri emateko
Aipatu batzarkideen taldeak Asensioren agerraldi hau baliatu nahi du, "Zubietako erraustegian martxan jarri zenetik egindako azpikontratazioen eta zerbitzuen enpresa emakidadunei dagokienez egin diren aldaketen berri eman dezan".
Hedabideetan azkenaldian agerturiko albisteen harira dator Elkarrekin Gipuzkoa taldekoen agerraldi eskaera. Aipatu aldaketa horiei dagokienez, "komunikabideetan argitaratutako informazioen arabera, Duro Felguera enpresa “waste to energy” sektorean sartu da, Ekobalek kudeatzen duen CMG1 balorizazio-instalaziorako kontratu batekin. Enpresa horren web-orrian bertan irakur daitekeenez, kontratu honen helburua da Ekobalek operatzen duen balorizazio energetikoko instalazioan mantentze-lanak egitea. Urbaserren filiala den Ekobalekiko akordioa duela gutxi jarri zen martxan eta bi urteko iraupena izango du. Informazioek aditzera ematen dutenez, enpresa horrek balorizazio energetikoko lanak egingo ditu Ekobalek kudeatzen duen instalazioan".