Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegia hizpide berriz Batzar Nagusietan

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 8a, 09:26

Zubieta gaineko hondakinen tratamendu planten sare horretan hidrogeno berdea ekoizteko proiektua eta urteotako mantentze lanen azpikontratazioa hizpide izan zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeak urtarrilaren 29an egindako bilkuran.

Behar besteko finantziazioa eskuratzen badute, aurten bertan hidrogeno berdea ekoizten hasi daitezke, Zubieta gainean. Proba pilotu modukoa abiarazi nahi dutela zioen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari eta Foru Aldundiko jasangarritasun arloko diputatu Jose Ignacio Asensiok urtarrilaren 29an Batzar Nagusietan, Elkarrekin Gipuzkoak eginiko galderei erantzunez. 

Izan ere, egitasmo horri buruzko xehetasunak ematea galdegin zion Asensiori; besteak beste, esleipenaz edota 2,5 milioi euroko inbertsioari nola egingo dioten aurre, "aurrekontuen luzapen egoeran egonda". Elkarrekin Gipuzkoako bozeramaile Miren Etxebesteren esanetan, hasierako helburuetan ez zegoen aurreikusia halako egitasmorik eta ondorioztatu zuenez, "pentsatzekoa da hondakinak balorizatzeko ezintasunagatik" sustatu dutela hidrogeno berdearen proiektua, "berdez margotzeko orain arte berdea izan ez dena". Bestalde, Zubietako erraustegia martxan jarri zenetik "egindako azpikontratazioen eta zerbitzuen enpresa emakidadunei dagokienez egin diren aldaketen" berri ematea ere eskatu zuen.

Batzarkideen talde honek azaldu zuenez, bildu ahal izan duten informazioaren arabera, Zubietako planta honen kudeaketa eta funtzionamenduaz arduratzen den Ekobal enpresa emakidadunak era berean, "bideragarritasun finantzarioa arriskuan duen" enpresa bat azpikontratatu du, erraustegiaren mantenu lanetarako. 


Garraioaren deskarbonizaziorako
Asensiok erantzun zuenez, "kontratazio guztiak arau guztiak beteta egin dira". Elkarrekin Gipuzkoak eginiko galderari egoki erantzuteko denbora eskatu zion, izan ere, "600 hornitzaile baino gehiagoko zerrenda batez ari gara, 2023an fakturazioa izan dutenak", eskatutako informazioa jasoko zutela adieraztearekin batera.

Hidrogeno berdearen proiektuari dagokionean, lehenbizi argitu nahi izan zuen kontua zera zen, egitasmo hau ez dela erraustegian kokatuko, handik hurbil dagoen biometanizazio plantan baizik. Bigarrenik, esperientzia pilotu bat izango dela. Gipuzkoako etxeetan bildutako zati organikoa (40.000 tona baino gehiago urtero foru diputatuaren esanetan) tratatzen den eremu horretan "sortutako biogasa hidrogeno bihurtzeko proiektua da", Asensioren esanetan. Biogas hau, "garraioa deskarbonizatzeko" baliatu nahi dute. Foru diputatuak aipatutako datuen arabera, "eguneko 500 kilo hidrogeno sortzea aurreikusten da". Horrekin, "bidaiarien garraioaz arduratzen diren bost autobus eta hondakinen bilketarako bost kamioi hornitzeko gai izango litzateke". Eguneko 2.000 kiloko ekoizpenera heltzeko aurreikuspena dute. Halere, aurrekontuen mende dago egitasmo hau.


Ikuspegi ezberdinak
Asensiok adierazitakoari erantzuteko tartean, Elkarrekin Gipuzkoatik adierazi zuten, galdera egiteko azalpenetan aipatu gabe utzi zutela, hidrogeno berdea ekoizteko proiektua, erraustegiak behar beste sortzen ez duen argindarra "modu batean konpentsatzera" ote zetorren, baina argitu diguzu horrekin ez duela zerikusirik". Izan ere, erraustegiak "ez duela balorizazio energetikoko agiria eskuratu" behar adina argindar ez sortzeagatik, gaineratu zuen Etxebestek eta horrek ingurumen baimen bateratuan eragiten duela. Bere garaian, Asensiok esandakoa gogora ekarri zuen, 45.000 etxebizitza argindarrez hornitzeko adina energia sortuko zuela erraustegiak. Ea helburu hori bete den galdetu zuen Etxebestek.

"Apustu interesgarritzat" jo zuen PPk eta aurreikuspenez galdetu zion Iñigo Manriquek. Asensiok emandako azalpenak egokitzat jo zituen PSEren bozeramaile Susana Garcia Chuecak. "Europako politika aurreratuenekin lerrokaturiko" egitasmotzat jo zuen. Ildo beretik mintzatu zen EAJ-ren ordezkari eta Usurbilgo alderdi bereko zinegotzi Xabier Otxoa. Asensioren azalpenak egokitzat eman eta zalantzak argitzeko Zubietako azpiegituretara bisita egitea proposatu zuen. Hidrogeno berdearen proiektuari dagokionean, "albiste ona da nire ustez" adierazi zuen, "Europan eta mundu osoan hidrogeno berde horregatik apustua egiten gabiltza". Halere, gaineratu zuenez, aurrekontuak onartu artean, "beste urtebete itxaron beharko da zoritxarrez, aldaketa klimatikoari borroka egiteko. Koherentzia politikoa batzuetan ez da existitzen, edo ez dut ikusten", gaineratu zuen. EHBildutik zuhurtzia agertu nahi izan zuten. Luix Barinagarrementeria bozeramaileak adierazi zuenez, "garraio publikoaren deskarbonizazioaren alde gaude, baina ikusi nahi dugu benetan hori egingarria ote den edo ez. Proiektua gehiago aztertu behar dugu eta orduan emango dugu gure iritzia". 

Adierazpen erronda honen amaieran, bigarrenez hitza hartu zuen Asensiok. Faltsutzat jo zuen Elkarrekin Gipuzkoako bozeramailearen diskurtsoa. "Aholku bat emango dizut, hobeto informatu zaitez", aurpegiratu zion foru diputatuak Etxebesteri. 2022an eta 23an ere balorizazio energetikoaren agiria eskuratu dutela ziurtatu zuen eta helaraziko ziotela hitz eman. "Balorizazio energetikoak 0,60tik gorakoa izan behar du, 0,76koa da, Europako altuenetakoa", ziurtatu zuen Asensiok. 

Zalantzak argitzeko ontzat jo zuen EAJren bozeramaileak Zubietako instalakuntzetara bisita egiteko proposamena, baita Gipuzkoako gainerako instalakuntzetara ere. "Tratamendu planta hauei esker, hiri hondakin solidoen zabortegietatik libratu ahal izan gara. Espainiako lurralde bakarra gara hiri hondakin solidoak zabortegira eramaten ez dituena".


Gardentasun eske
Batzarkide taldeek bigarrenez hitza hartzeko izan zuten tartean, "ez gatoz hona gezurrak esatera", erantzun zion Elkarrekin Gipuzkoak. Deigarritzat jo zuen ukatzea ezingo dela hidrogeno berdearen proiektua gauzatu aurten, "kreditu nahikorik ez duelako". Bestalde, Gipuzkoak hondakinen kudeaketan lurralde burujabea denik ukatu zuen. Nafarroara eramandako lixibiatuak gogorarazi zizkion Etxebestek Asensiori. Zubietako erraustegiaren bueltan sortutako arazoak ukatzea egotzi zion, baita EHUko ikerlarien txosten tekniko eta zientifikoak ere.

Adierazpen hauen aurrean, PSEko bozeramaileak erabat defendatu zuen foru diputatuaren kudeaketa lana eta Elkarrekin Gipuzkoaren adierazpenak deitoratu zituen. Aurreko txandan adierazitakoa berretsi zuen EAJk; hidrogeno berdearen proiektua bideratzea erraztuko lukeela "2024ko aurrekontuak izanda", baina hauen onarpena eragozten ari zirela adierazi zuen. 

EHBildutik oraindik informazioa falta zaiela gogorarazi zuten berriz. Asensiok hondakinak zabortegietara eramaten ez dituen lurralde bakarra dela Gipuzkoa, horri buruz esandakoei erantzun zien taldeko bozeramaileak. Hitz hauek "kakotsen artean" jarriko lituzkeela zioen Barinagarrementeriak. Izan ere, "herritarroi harrigarria egiten zaigu, kontseilari eta diputatu jaun baten arteko mokoka ibiltze hau", Zubietatik Nafarroara garraiaturiko lixibiatuen gaiaren harira hain zuzen. "Guk nahi duguna da garbi hitz egitea, gauza nahiko ilun batzuk badaude. Dena ez dugu ondo egiten". 

Amaitzeko, azken aldiz hitza hartu zuen Asensiok, "agiria bidaliko dizuet, zer nahi duzue gehiago egitea?", esanez. Eskatutako azalpenak emateari inoiz ez diola uko egin ziurtatu zuen. "2015. urtetik 70 aldiz baino gehiago agertu naiz" azalpenak ematera zioen. Lixibiatuen auziari buruzko adierazpenokin amaitu zuen bere agerraldia. "Gauza ilunak beste leku batean egongo dira. Nafarroan egiten diren tratamenduen ardura ez da nirea, besteena izango da".