Zubietako erraustegia

Nafarroako kontseilariaren agerraldi eskaera onartu dute Batzar Nagusiek

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 16a, 18:17

Ostiral eguerdian bildu den Jasangarritasun Batzordeak Zubietako erraustegitik Artaxoara bidalitako hondakinei buruzko azalpenak Batzar Nagusietan ematea galdegin dio Nafarroako Gobernuko kontseilari Jose Maria Aierdi landa garapeneko eta ingurumeneko kontseilariari.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Zubietako erraustegitik Artaxoara bidalitako hondakinei buruzko azalpenak emateko eskaera egingo diote Nafarroako gobernuko landa garapeneko eta ingurumeneko kontseilari Jose Maria Aierdiri. Bera gipuzkoarrok ordezkatzen gaituen erakundera etortzeko gonbita egitea onartu dute bertako Jasangarritasun Batzordeak, ostiral eguerdi honetan egin duen bilkuran. Saiora bertaratu diren batzarkideetatik zazpik agerraldi eskaera horren aldeko botoa eman dute; eskaera hau sustatu duen EHBilduk, Elkarrekin Gipuzkoak eta PPk, alderdiotako ordezkariek hain zuzen. Abstenitu egin dira, aldiz, EAJ eta PSE-ko ordezkariak.

Gehiengoaren babesarekin onartu dute, beraz, Aierdik gai horri buruzko azalpenak ematea, EHBilduk eskatua zuen moduan. Izan ere, gaurko Jasangarritasun Batzordean jorratu duen ekimen honen sustatzailea aipatu koalizioa izan da. EHBilduko ordezkari Jon Altolagirrek agerraldi honen eskaeraren zergatiak azaldu ditu ostiral honetako saioan. "Denok jakitun gara eta hedabideetan hala azaldu delako, bertsio oso kontrajarriak baitaude Nafarroako ingurumen eta landa garapeneko kontseilariaren eta Gipuzkoako jasangarritasun diputatuaren artean".

Horregatik, EHBilduk beharrezkotzat jotzen du "gardentasun ariketa moduan", Nafarroako kontseilaria Batzar Nagusietan agertzea, "parlamentuko batzordean eman zituen azalpenak kontrajarriak baitira hemengo hainbat arduradunek emandakoekin. Beraz, uste dugu, bai hemen eta beste foro batzuetan, kasuaren inguruan argibideak beharrezkoak direla".


Gardentasunaren alde
Ildo beretik mintzatu da baita PPko ordezkari Iñigo Manrique ere. "Arazorik ez agerraldi honekin", aipatu du. Ados baita, Elkarrekin Gipuzkoa ere, nahiz taldeko bozeramaile Miren Etxebestek adierazi duenez, "arraroa iruditzen zaigu, beste autonomia erkidego bateko kontseilari bat gure lurraldera ekartzea. Baina egia da ere, gardentasuna aipatzen zela behin eta berriro. Askoz gehiago hitz egiten da komunikabideetan hemen baino. Nahiago dugu hemen zuzenean galderak egitea". 

PSE eta EAJ abstenitu egin dira. Sozialisten bozeramaile Susana Garcia Chuecak adierazi duenez, "gure taldetik gardentasunarekin arazorik ez" dutela zioen, baina arrarotzat jo du beste autonomia erkidego bateko kontseilari bat Gipuzkoako Batzar Nagusietan agertzea eskatzea, Nafarroako hondakinen kudeaketari buruzko azalpenak emateko. "Ez dut horren aurrekaririk aurkitu", adierazi du PSEren bozeramaileak, "hemen eskumen propioak ditugu", gogoraraztearekin batera. Are gehiago, arrarotzat jo du, dagoeneko Nafarroako kontseilariak hango parlamentuan azalpenak eman dituenean. "Ez dut esango Nafarroan dituzten arazoak ez zaizkigula interesatzen baina Nafarroan konpondu ditzatela", zioen Garcia Chuecak. 

Abstenitzea erabaki du baita EAJk ere. Taldeko bozeramaile eta Usurbilgo zinegotzi Xabier Otxoak ere gogorazi duenez, "dagokion batzordean" eman zituela azalpenak Nafarroako kontseilariak. "Azkenean, hau Nafarroan gertatutako zerbaiten berri ematera etortzea eskatzea izango zen eta berak jada eman dituen azalpenak dagokion tokian emanda, behar handirik ez dugu ikusten eskumen aldetik, hemen azalpen horiek eman beharko zituenik". Halere, iragarri duenez, "ez dugu oztopatuko gardentasunaren izenean". 

Bozketaren txanda etorri da adierazpen hauen ondotik; aipatu moduan, gehiengoz erabaki da Nafarroako gobernuko kontseilariari Batzar Nagusietan agertzea eskatzea. "Gonbidapena luzatuko diogu Nafarroako landa garapeneko eta ingurumeneko kontseilariari", iragarri du Jasangarritasun Batzordeko lehendakariak.



Kode okerra, plantaren itxiera...
Gaur onartu duten agerraldi eskaerak hainbat aurrekari ditu. Izan ere, urte amaieran jakin zenez, Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoako konpostatze plantara lixiabiatuak garraitzen aritu dira. Berriki, hango gobernuko ingurumen kontseilari Jose Maria Aierdik planta hau behin-behinean itxi behar izan zuela berri eman zuen, “besteak beste, Zubietako instalazioetatik kode okerrarekin bidalitako hondakinak baimenik gabe hartzeagatik”. Horregatik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duen Euskal Herria Bilduren taldeak Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Maria Aierdiren agerraldia eskatzea erabaki zuen, “Zubietako plantatik Artaxoako plantara bidalitako hondakinen eta berauen kudeaketaren inguruan azalpenak eman ditzan”.

Izan ere, EHBilduk agerraldi eskaera hau argudiatzerakoan nabarmendu duenez, "lehenik idatzizko galderei emandako erantzun batean eta berriki agerraldi batean Nafarroako Parlamentuan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilariak adierazi du Artaxoako planta behin-behinean itxi behar izan duela, besteak beste, Zubietako instalazioetatik "kode okerrarekin" bidalitako hondakinak baimenik gabe hartzeagatik". Hainbat hedabideek hilabete amaieran berri eman zutenez, Zubietako erraustegiko hondakin lixibiatuak jasotzen aritu den Artaxoako enpresa hau kautelaz itxi egin zuen Nafarroako Gobernuko ingurumen sailak. Hainbat ikerketa eta ikuskapenen ondotik, berri eman zutenez, 5.500 tona lixibiatu garraiatu dira erraustegitik Ecofert Sansoain SM lantegira. Tuterako beste enpresa batetik beste 9.000 tona jaso omen dituzte eta horregatik guztiagatik, 110.000 euroko isunak jarri zaizkie. 

Horregatik, zuzendu zaio EHBildu gaurkoan Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeko lehendakariari, lerrootan mintzagai dugun agerraldia antola dezan eta bertan, agerraldira deitua dagoen kontseilariak "Zubietako instalazioetatik Artaxoakoetara bidalitako hondakinen kudeaketa argitu dezan".