Zubietako erraustegia

GuraSOS erraustegitik Artaxoara garraiaturiko lixibiatuez mintzatu da Nafarroako parlamentuan

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 18a, 12:18

Nafarroako parlamentuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak iragan ostiralean egindako bilkurara gonbidatu zuten GuraSOS, haien iritzia eman zezaten Zubietako erraustegitik Artaxoako konpostatze plantara bidalitako lixibiatuei buruz. Lerrootan dituzue xehetasunak; agerraldi osoa Nafarroako Gobernuaren atarian ikusi eta entzun dezakezue. Gai hau bera hizpide izango dute baita, asteazkenean, martxoaren 20an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. "Jasangarritasun Departamentuko foru-diputatuari" zuzenduriko galderak egingo dizkio EHBilduk.

Agerraldi hasieratik argi utzi nahi izan zuen GuraSOSek "iritzia emateko" gonbidatu zituztela Nafarroako parlamentura, baina elkarte honen ohiko jarduteko modua, "iritzi horiek dokumentu eta azalpenekin" frogatzea izaten dela nabarmendu zuen Joseba Belaustegik. Hala, Nafarroako parlamentuari aurkezturikoa "iritziak dira baina dokumentuetan oinarrituak daude, kontrastatuta. Zalantzarik badugu, ez dugu baieztapenik egiten".

Duela zortzi urtetik elkartetik bideratzen ari diren lanketa laburbildu zuen. Egun, Zubietako erraustegiaren kontrol lana egiten dabiltzala azaldu zuten. "Hainbat ezbehar eta ikerketa judizial egon dira". Horren aurrean, "aditu independenteekin kontrol demokratikoa" sustatu nahi du GuraSOSek eta "elkarrizketa prozesu bat irekitzea Foru Aldundiko ordezkariekin. Zortzi urteotan ez dira inoiz bildu gurekin", gogorarazi zuen Belaustegik.

Gogora ekarri zuen, urteotako kontrol lan horretan izan dutela Zubietako erraustegian izandako hamaika gertaeren berri (suteak, istripuak, geldialdiak, Arkaitzerrekaren kutsadura, labeen funtzionamendu desegokia, aurreikusitako energia baino gutxiago sortzea...); tartean, Artaxoako plantara garraiaturiko lixibiatuen berri. Planta piztu ostetik, "hamar intzidentzia larri baino gehiago" izan direla oroitarazi zuen. Laburbilduz, "gutxiegi erabilia eta gaindimentsionatua" zegoela erraustegia.


"Hondakinen arriskua ezkutatzen dute"
Lixibiatuen auzia, Arkaitzerrekan 2022ko uztailean izandako iragazketari lotu zuen Belaustegik. Gertatu eta biharamunean salatu zuen GuraSOSek. "GHK-k lau hilabetez ukatu zuen", oroitarazi zuen Nafarroako parlamentuan. Gerora, elkarte honetan esanetan, Artaxoara eta Bilbora bidaltzen hasi ziren lixibiatuak, bai gutxienez, 2022ko abuztutik 2023ko maiatzera arte. Iragazketen arazoa "oraindik ez da konpondu" Belaustegiren esanetan eta arduradunak seinalatu nahi izan zituzten Nafarroako parlamentuan. "Jaurlaritzaren ardura larria da, hasieratik zekien dena. Froga asko jarri ditugu Nafarroako gobernuaren ikuskaritzaren esku". Eta hau dena "ez da egin, GHKren eta Jaurlaritzaren baimenik eta ezagutzarik gabe". 

Belaustegiren esanetan, "Jaurlaritzari dagokio lixibiatuen karakterizazioa egiaztatzea, baina inoiz ez da egin halakorik". Ez erraustegitik atera aurretik ezta Artaxoan jasotzerakoan ere. "Hondakinen arriskua ezkutatzen dute, ondorioz, arduragabekeria larria dago", nabarmendu zuen. Bi data zehaztu zituen GuraSOSek. "Azaroaren 6an jakiten da, kamioi horiek jasotzen direla, baina urtarrilaren 8ra arte Nafarroako gobernuak ez dio jakinarazten Eusko Jaurlaritzari ezin direla garraiatu hondakin hauek". Ondorioz, Belaustegik zioenez, "gauzak gerora egiten dira".

Horregatik, zioenez, "arazo teknikoaz gain, kudeaketa zaileko arazo politikoa dago". Izan ere, Nafarroako gobernuak "alderdi bereko ondoko erkidegoko administrazioa kontrolatu behar du". Hain zuzen, "Nafarroako gobernuko eskumenak errespetatu gabe" lixibiatuen garraioan parte hartu dutela zioen GuraSOSek Jaurlaritzari eta GHKri buruz. "Erraustegi bateko lixibiatuak konpostatze planta batera eramatea oso larria da". Gaineratu zuenez, auzi hau epaitegietan egoteak "ez du esan nahi eskumenak desagertzen direnik". Ezin du itxaron auzitegiak zer esango, erabakiak hartzeko". Are gehiago, jakinik, oraindik lixibiatuak Bilbora eramaten segitzen dutela.

Alderdi denek eskertu zuten emandako informazio eta argibideak. Hortik aurrera, gaiari buruz nork bere ikuspegia azaldu zuen.


PSN: "Beste leku batzuetatik ere jasotzen ari ziren hondakinak"
Nafarroako alderdi sozialistak desberdindu egin nahi izan zituen erraustegian eta Artaxoako plantan egindako kudeaketa. Halere, bozeramaile Carlos Menak zioenez, "desberdina da, baina lotuak daude. Gipuzkoako kasua auzitegietan dago, GuraSOSen salaketagatik". Horregatik, gaineratu zuenez, "ez dugu epaiketa paralelorik egingo", epaileen esku utzi nahi izan zuen auzi honen ebazpena. Hain delikatua den gai hau zuhurtziaz "tratatu behar da. Ezin dira hemen egin diren baieztapenak egin".

GuraSOSek Nafarroako gobernuan aurkezturiko dokumentazioa kontuan hartzeko eskaeraren aurrean, "teknikariek erabaki beharko dute egokia den", erantzun zuen. Halere, kezkagarriagotzat jo zuen, Zubietako erraustegitik soilik ez, "beste leku batzuetatik" ere jasotzen ari zirela hondakinak Artaxoako konpostatze plantan "baimenik gabe", herritarren osasunerako arriskutsuak" direnean eta gogorarazi zuenez, "hori ez denean haien egitekoa", organikoa konpostatzea baizik. 

Nafarroako gobernuaren auzi honi buruzko behin betiko txostena jaso zain geratu zen. "Gero, behin betiko erabakiak hartu beharko dira", iragarri zuen.


Geroa Bai: "Diligentziaz eta arduraz jokatzen ari da Nafarroako gobernua"
PSN-ren antzera, Geroa Baik ere lixibiatuen garraioen jatorria eta helmuga desberdindu zituen. "Zubietatik irteten den hondakina da, prozesua judizializatua dago eta hortik dagozkion ondorioak aterako ditugu", iragarri zuen Pablo Azkonak.

Nafarroako gobernuari dagokionean, erakunde honen jarduna defendatu zuen. "Diligentziaz eta arduraz jokatzen ari da bere ohiko kontrol eta jarraipen lanetan. Lanok indartu zituen 2023an, Artaxoan tratatu ezin ziren hondakinak tratatzen ari zirela antzeman ostean". Orohar, azken urteotan ikuskaritzak laukoiztu egin dituztela nabarmendu zuen Azkonak.

Egun, Artaxoako konpostatze plantaren behin behineko itxiera hor dagoela gogorarazi zuen. "Behin betiko ebazpena ezagutuko da laster", iragarri zuen. Halere, jada, 110.000 euroko isuna jarri dietela ekarri zuen gogora, egindako ikuskaritza ezberdinetan. Izan ere, "ez zuen baimenik hondakin likidorik tratatzeko", soilik organikoa tratatzeko baimendua dago Artaxoako konpostatze planta.

Ukatu egin zuen Nafarroako gobernua eta Eusko Jaurlaritza elkar hartuta daudenik, "gertaturikoaz ikuspegi ezberdinak daude".


EHBildu: "Gobernuak jarrera lasaia agertu du"
GuraSOSek eginiko salaketa eskertu zuen EHBilduren bozeramaile Adolfo Araizek. "Zuei esker Nafarroan jakin genuen zer nolako lixibiatuak ekartzen ziren". Ildo horretan, gaineratu zuenez, elkarte honek aurkezturiko dokumentazioarekin "ekarpen garrantzitsua egin zaio, hemen izapidetzen ari diren espedienteari".

Nafarroako parlamentuko bertako EHBilduk ingurumen arloko kontseilariari eginiko gai honi buruzko galderak plazaratu zuen auzi hau. Orain, aipatu espediente horren zain zirela zioen. Halere, "informazio gehiago jakin ahala, gehiago kezkatzen gaitu". Egoera horren aurrean, "gobernuak jarrera lasaia agertu du". Izan ere, Araizek gogora ekarri zuenez, auzi hau "ez du GuraSOSen salaketatik ezagutzen, nahiz iritzi publikoak orduan jakin zuen". 2023ko urtarrilean, "salaketa anonimoak" izan zirela zioen, tartean, nekazari batena, "konposta plastikoekin banatzen ari zirela" zioena.

Horren aurrean, iragarri zuenez, "informazioa biltzen segiko dugu baina kezkatzen gaitu denbora honetan guztian hondakinak eraman eta jasotzen dutenen arazoa dela", auzia ez dagoela Nafarroako Gobernuaren esku esateak; "baina nola ez da bere esku egongo" nabarmendu zuen.


UPN: "Nafarroako gobernuaren utzikeria erabatekoa izan da"
GuraSOSeko ordezkarien azalpenetatik UPN-ko bozeramaile Miguel Bujandak zioenez, "onenean, gezurretan eta bi gobernuak elkar hartuta aritu dira. Argi geratu da, bi administrazioek zekiten gertatzen ari zena; batek entzungorrarena egin du, eta bestea, aktore nagusia izan da hondakin toxikoak garraiatzen".

Hondakinon kudeaketa eta ikuskapenean "Nafarroako gobernuaren utzikeria erabatekoa izan da". Gardentasun falta ere egotzi zion administrazio horri; "guri oso larria iruditzen zaigu gertatu den guztia". Datu bat ere eman zuen UPN-ko ordezkariak. "Baimendutakoa baino hamar aldiz toxikoagoak ziren" hondakinak jaso zituzten Artaxoako plantan eta "ez zen ezer egin".

GHK-ko lehendakari eta Foru Aldundiko jasangarritasun arloko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok esandakoa ekarri zuen gogora. "Bera harro agertu arren Gipuzkoatik ez zirela hondakin gehiago irtengo, berriz ere Nafarroara ekarri dituzte".

Egoera horren aurrean, zioenez, "osasun publikoaren eta ingurumenaren aurkako kutsadura oso larria denez, ezin dugu ez jakinarenak egin Nafarroako eta EAEko gobernuekin. Informazioa ezkutatzen aritu dira". Horregatik, Bujandak zioenez, "UPNtik aurrera jarraituko dugu osasun publikoaren eta ingurumenaren alde, eta kasu honi lotuta gertatzen ari den guztiari buruzko egiaren alde jarraituko dugu".


Zurekin Nafarroa: "Lehentasunezko kezka izan behar du gobernuarentzat"
"Pilatutako hainbat akats administratiboren aurrean gaude", zioen Zurekin Nafarroa alderdiko bozeramaile Carlos Guzmanek. Gertatutakoak hondakinen kudeaketari lotutako "ikuskaritza eta kontrola indartu beharra agerian uzten du". Gai honek "lehentasunezko kezka izan behar du  gobernuarentzat". Izan ere, bere ustez, "Nafarroako gobernuak azkartasun handiagoz erantzun behar zuen lehen datuak heldu zirenean. Konponbidea ematea dagokigu eta arazo hauek errepikatzea saihestea".

Era berean, kezka agertu zuen, ea erraustegitik irtendako lixibiatuen arazoen jatorria konpondu ote den eta Zubietatik "lixibiatuak ateratzen segitzen den", zer egiten ari diren hemengo erraustegian. Ildo horretan, Ezker Anitzako Gipuzkoako ordezkariek duela urtebete esandakoak gogora ekarri nahi izan zituen. "Salatu zuten onartezinak zirela, erraustegia martxan jarri zutenetik pilatzen zihoazen intzidentziak. Exijitzen zioten Foru Aldundiari, GHKri kontratua eta plantaren funtzionamendu ona betetzea, hainbatetan hala gertatzen ari ez zela ikusita".

Ildo horretatik, haien hitzak hartu zituen ahotan. "Nire kideak baieztatzera heldu ziren Zubietako erraustegia zaharkitua zegoela, ingurumen arazoak baino ez zituela sortzen". 

Adi jarraitzeko konpromisoa adierazi zuen, GuraSOSek egindako kontrol lana eskertzearekin batera. "Helburu nagusiak ingurumena bermatzea izan behar du Nafarroan, estatuan eta mundu osoan, denoi eragiten digulako".


PP: "Nafarroako gobernuak ez du gutxieneko diligentzia, seriotasun eta zorroztasunarekin jokatu"
"Gure alderdiarentzat, delikatua den gai honetako akusazioak oso larriak dira". Zuhurtziaz jokatu nahi zutela zioen bozeramaile Irene Royok. Egoera horren aurrean, Nafarroako gobernuak  "ez du gutxieneko diligentzia, seriotasun eta zorroztasunarekin jokatu", ingurumenarentzat eta herritarren osasunarentzat "hain gai arriskutsua" izanda. Bere ustez, "Nafarroako gobernuak azaldu behar luke zergatik ez diren ikuskapenak egin behar ziren moduan eta garaian". Bere ustez gertaturikoarekiko "ardura du, ez duelako egoki jokatu edo esku hartuta jokatu duelako Eusko Jaurlaritzarekin".

GuraSOSek eginiko salaketa eskertu zuen. "Ezagutzen ez genituen arazo batzuk jarri dituzue mahai gainean. Ez dakigu zer gertatuko zen salaketa hauek gabe. Arriskuan jartzen segiko zuten osasun publikoa eta ingurumena. Beraz, eskerrik asko zuen lanagatik".

Aurrera begira, "ahal bezain laster, arazoa konpontzea eta azalpenak ematea" eskatu zuen.


VOX: "Gardentasun eza erabatekoa da"
Sinestezintzat eta oso larritzat jo zuen talde politiko honetako bozeramaile Emilio Jimenezek gertaturikoa. "Arazo teknikoak ulergarriak dira, baina arazoa ez konpontzea da". Halere, "batez ere arazo politikoa da, gardentasun eza erabatekoa da".

Hau guztia zergatik gertatu den galdetu zuen, "zer ezkutatu" nahi izan den, "zeinu politiko bereko" Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako gobernuaren artean egondako "koordinazio eta kolaborazio falta" seinalatzearekin batera.

GuraSOSen salaketa eskertu zuen Jimenezek, bestela "inor ez zen mugituko". Gertaturikoaren aurrean, Nafarroan "gaizki eta berandu" erantzun dela nabarmendu zuen. "Ikuskaritzek huts egin dute, analitikak ez dira egin". GHK-ko lehendakari eta Foru Aldundiko jasangarritasun arloko diputatu Jose Ignacio Asensiok esandakoak gogora ekarri zituen; "ukatzen zuen, garraiatzen ari zirena garraiatu ahal zena zela. Dena ondo dagoela esanez. Pertsonen osasunaz ari gara".