Urbilek 500 eguzki-paneleko instalazio berria inauguratu du

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 20a, 17:45

Urbilek eguzki-panelen planta berri bat inauguratu du. 488 plakako instalazioak eskualdeko energia-komunitate nagusietako bat bihurtu du merkataritza zentroa, eta hori aurrerapauso garrantzitsua da iraunkortasunerako eta ingurumenarekiko hartutako konpromisorako bidean.

Inaugurazio ekitaldian hainbat ordezkari politiko izan dira, hala nola, Jose Ignacio Asensio Iraunkortasuneko diputatua, Mónica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendari nagusia eta Ainhoa Arrozpide Usurbilgo Udaleko Zerbitzu eta Ingurumen zinegotzia. Urbilen aldetik, Leyre Lobato gerentea, Bikendi Cadelo marketin eta komunikazio arduraduna eta Unai Arregi zerbitzu orokorren arduraduna izan dira. Lobatok hau nabarmendu du: “Instalatutako 488 panelei esker, Urbilgo energia-kontsumoaren %35 hartzea espero dugu, eta horrek urtero 88 tona ikatz aurreztea dakar”. 

 

Urtean atmosferara 100 tona CO2 baino gehiago isurtzea saihestea lortuko dute, hau da, isuri kaltegarri horiek 25 urtez (eguzki-panelen bizitza erabilgarria) xurgatuko dituzten 149 zuhaitz landatzea. Ekimen honen bidez, karbono-aztarna murriztera eta energia-berrikuntza jasangarria sustatzera bideratutako ekintzak batzen jarraitzen du Urbilek. Udalarekin batera partekatutako helburua da eta “Konpromiso Urbil” programaren estrategiaren zati bat.