Usurbilgo Lanbide Eskolako ikasle ohia bigarren Trebetasun lehiaketan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 15a, 17:11

Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak antolatu eta sustatzen dituen Spain Skills Trebetasun lehiaketetan parte hartu du Ibai Agirresarobe Elorza ikasleak eta bigarren postua lortu du, Kontrol Industrialeko espezialitatean Euskal Selekzioa ordezkatuz.

 

Spain Skills-ak 2024ko apirilaren 9tik 13 bitarte izan dira, eta lan ugari egin behar izan du Usurbilgo Lanbide Eskolako ikasleak txapelketa horretara ondo prestatuta iristeko. Nahiz eta unibertsitateak izan ohi duen exigentzia mailara erantzun behar izan duen, ostiral arratsalde, astebukaera eta opor egunak txapelketa ondo prestatzera bideratu ditu. Hala, bigarren postua lortuta, lehiakideen, epaileen, irakasleen eta ingurukoen aitortza jaso du lanerako jarrera ona eta konpromisoagatik.

 

Joan zen urtean, 2023ko maiatzaren 9tik 11ra jokatutako Eusko Skills lehiaketan parte hartu zuen Automatizazio eta Robotika Industrialeko bigarren mailako ikaslea zela. Bertan, garaipena lortu eta Spain Skills-etan parte hartzeko txartela lortu zuen.

 

DBH bukatu bezain pronto, ideiak argi zituen eta Instalazio Elektriko eta Automatikoak erdi mailako zikloa egin zuen Usurbilgo Lanbide Eskolan. Behin ikasketa horiek amaituta, eskolan jarraitu zuen eta Automatizazio eta Robotika Industrialeko goi mailako zikloa egin zuen dual formatuan. Egun, Mondragon Unibertsitatean dihardu Elektronika Industrialeko ingeniaritza graduko ikasketak egiten.

 

Trebetasunak eta enplegua

Usurbilgo Lanbide Eskolan gogorarazi nahi izana dute trebetasunek bizitza aldatzen dutela eta aukerak sortzen dituztela, eta pertsonak eta gizartea konektatuta. “Halako Trebetasunetan denek irabazten dute”, esan dute. Gazteak etorkizuneko enplegu agertokiarekin lotzen dituzte. Lehiaketek, trebetasunekiko grina garatzera bultzatzen ditu gure gazteak, eta hau da, euren hitzetan, “gure etorkizuna”.