Bertso-ibilaldia igandean Zubietako sagastietan barrena

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 17a, 08:26

Iaz, Aginagan egin zuten moduan, oraingoan Zubietako sagastietan barrena bertsoz eta argibide interesgarriez giroturiko ibilaldia iragarri dute apirilaren 21erako.

Alkartasuna kooperatibak apirilaren 21erako antolatu du tarteka iragartzen duen txango hau. "Sagardoaren paisaia kulturala ezagutzeko parada izango da, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañaren bertsoak adituz eta Jakoba Errekondoren argibideak jasoaz". Azkenekoz, iragan urrian Aginagako erriberetako sagastietan barrena egin zuten ibilaldia. Oraingoa, Zubietako Iruin sagardotegiko aparkalekutik abiaraziko dute; aipatu moduan, hilaren 21ean, goizeko 10:00etan. Txangorako izena aurrez eman beharko da bideotatik: alkartasuna@usurbil.com / 943 361 114.

Aurrekoa Aginagan
Aginagako sagastietan barrena osteratxo ederra egiteko aukera izan zuten, iazko San Praixkuak amaitu berritan albiste honi atxikiak dituzuen irudiko parte hartzaileek. Inguruotako paisaia kulturalean murgildu eta iraganean arakatzeko aukera izan zuten Jakoba Errekondoren azalpenekin. Ohorezko bi bidelagun ere izan zituzten baita; Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak. Haiek bertsoz girotu zuten, ekimenean zehar partekatzen eta jasotzen joandako edukia.

Aginagako plazan hasi eta erriberan barrena ibili ziren, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren kooperatibak, Sagardoaren Unibertsitateak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimenaren baitan. Sagardoaren paisaia kulturala ezagutzea dute xede tarteka egiten diren ibilaldiok.