Zubietako etxe bat, estatuko arkitektura sariketarako sailkatua

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 20a, 10:51

Zubietako Irigoien kaleko eraikin bat, estatuko arkitektura elkargoko kontseilu nagusiak antolaturiko aurtengo arkitektura sariketarako hautagaien artean da.

Albiste honi atxikitako irudiko egurrezko eraikin berria, ezaguna izango zaizue zuetako bati baino gehiagori. Zubietako Irigoien kalean kokatua dago, Araeta parean. Espainiako Arkitektura Elkargoko Kontseilu Nagusiak urtero antolatzen duen arkitektura sariketaren hirugarren ediziorako sailkatu diren 185 hautagaien artean da egun.

Autonomia erkidego ezberdinetan arkitektuen elkargo ofizialek hautaturikoak dira proposamen guztiok. Hego Euskal Herriko arkitektuak biltzen dituenak, Zubietako bizileku hau aurkeztu du sariketarako hautagai gisa; "Bat" izeneko etxea, "familia bakarreko egurrezko etxebizitza". Amaia Arana eta Iñaki del Prim ageri dira proiektu honen egile gisa. 

Finalera bidean
Epaimahaiak izango du orain azken hitza. 185 dira proposamenak (497 proposamen jaso ditu antolakuntzak), haietatik 14 Hego Euskal Herrikoak. Askotariko arkitektura lanak dira deialdi honetara aurkezturikoak; Zubietakoa bezalako eraikinak, hirigintza planak, dibulgaziokoak... Hautaturiko proposamenen izaera berritzailea eta kalitatea goraipatu dute, baita norbanakoen zein kolektiboen ongizatean duten eragin positiboa, "gure ondarearen indartze kulturala eta ingurumen zein lurralde orekaren berreskuratzea" sustatzen dutela diote. Maiatzean, epaimahaia bilduko da eta finalerako sailkatuko direnak hautatuko dituzte. Irabazleak, ekainaren 20an jakinaraziko dituzte ekitaldi batean. 


Zubietako eraikinaz

Irigoien kaleko eraikinaz honakoa diote arkitektoek. "Eraikinak jasangarritasun baloreei eta osasun zein Bauhaus Berriari erantzuten dio". Egitura, azpiegitura eta itxiturarako egurra baliatu zuten "isolatzaile gisa zuntzezko egurra".

"Passivhaus" ziurtagiria du, energia berriztagarriak erabiltzen ditu eta "errendimendu energetiko optimoa" du.  Egurrezko elementuak berrerabili daitezkeenez, "drastikoki gutxitu daitezke eraikinaren bizitza erabilgarriaren amaieran sor daitezkeen hondakinak".

Ingurumenarekin armonian bizi dela nabarmentzen dute, hein handi batean materialei esker. Izan ere, "espazioaren konfiguratzaile egitura" gisa egurrak eskaintzen duen edertasuna azpimarratzen dute, duen protagonismo erabatekoa.