Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak agerraldia egin berri du astearte arratsalde honetan Zubietako errebote plazan. Bi deialdi garrantzitsu egin dituzte eta hitzorduotan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Batetik, iragarri dutenez, "Gipuzkoako herritarrei dei egiten diegu Zubietako erraustegiaren aurrean gure protesta azaltzera". Maiatzaren 18rako oinezko martxa deitu dute Lasarteko Okendo plazatik erraustegi atariraino, "agintariei exijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon". Goizeko 11:00etan abiatuko da mobilizazioa, "errausketarik ez! Erraustegia ez da miraria, oztopoa da!" aldarripean.
Bestetik, martxa horren osteko egunetan gure artera etorriko dira ToxicoWatch fundazioko bi ordezkari. Gogoan izan, 2019. urteaz geroztik erraustegiaren kutsadura aztertzen aritu dira adituok. Eginiko behaketa lanaren bost urteotako emaitzak aurkeztuko dituztela iragarri du Zubietako agerraldian, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Bi aurkezpen saio iragarri dituzte, "analisien emaitzak" aurkezteko; lehenengoa Hernanin, bigarrena Sutegin. "ToxicoWatchek bost urtez segidan egin die jarraipena erraustegiaren kutsatzaileei, urtero bilduz laginak inguruko uretan, erreketako sedimentuetan, lurretan, goroldioetan eta zenbait landare hautatuetan eta baita ere inguruan zenbait familiak autokontsumorako dauzkaten oilategietako arrautzetan".
Eta bai, ToxicoWatchetik Erraustegiaren Aurkako Mugimenduari aurreratu diotenez, "Zubietako erraustegiaren inguruan bildutako laginetan kutsaduraren igoera kezkagarria aurkitu da".
Aipatu fundazioko ordezkariez gain, iragarri dutenez, "Zero Waste Europe (Europa Zero Zabor) federazioko ordezkariak ere gure artean izango dira egun horietan. Zero Waste Europe aztertzen ari da zer kutsadura eragiten duten Europa osoko hainbat erraustegik: Madril (Valdemingomez), Paris (Ivry), Belgika (Beringen), Lituania (Kaunas), Txekia (Pilsen), Herbehereak (Harlingen)... eta Zubietako erraustegiak".
"Emisio guztien kontrola jarraian egitea premiazkoa da"
Gaurko agerraldiko deitzaileek gogorarazi dutenez, "kutsaduraren azterketa tekniko sofistikatuok ez lukete herri mugimendu baten ardura izan behar: agente publikoei dagokie herritarren eta naturaren osasuna bermatzea, gardentasun osoz". Horregatik, "Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu daukaten informazioa eta dauzkaten datuak gardentasun osoz erakutsi ditzatela. ToxicoWatcheko adituen etorrera baliatu dezakete informazioak alderatu eta eztabaidatzeko eta espresuki gonbidatzen ditugu harremanetan jartzera".
Erraustegiaren arduradunei adierazi diete, badaudela hondakinak kudeatzeko "errausketa sistema hobe, garbiago eta merkeagoak eta Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herritan". Alferrikakotzat jo duten erraustegia gelditu beharra dagoela adierazi dute baina bitartean, haien, hau da, erraustegiaren arduradunen lehentasuna izan behar duela diote, "bermatzea, bertatik ez dela zabaltzen ez dioxinarik, ez PCBrik, ez PFASik, ez metal astunik eta ez bestelako kutsatzailerik; horretarako, emisio guztien kontrola jarraian egitea premiazkoa da".
Lehentasuna horrek izan behar duela diote, baina egun ez dela ondoriozta daiteke Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren hitz hauetatik. Izan ere, "gure agintariak tematzen dira justu kontrako norabidean. Bai erraustegiaren kudeatzaileek eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, informazioak ezkutatzen dizkigute herritarroi erraustegiak etengabe sortzen dituen arazo larriak (matxurak, funtzionamendu akatsak, Arkaitzerrekaren erretzea, suteak...) eta gero eta urrutiagora zabaltzen dituzte sortutako kutsatzaileak, Nafarroako Artaxoara legez kontra hondakinak eramatean erakutsi duten moduan".
Horregatik jotzen dute garrantzitsutzat mobilizatzea, eta horregatik deitu dituzte herritarrak asteotarako iragarri dituzten ekintza hauetan parte hartzera:
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren deialdiak
Maiatzak 18, larunbata
11:00 Erraustegira martxa Lasarte-Oriako Okendo plazatik.
Babesleak: Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan.
Maiatzak 23, osteguna
ToxicoWatch fundazioko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman Hernaniko Sandiusterrin. Bost urteotan erraustegiak eragindako kutsadura aztertzeko eginiko behaketa lanaren emaitzen herri aurkezpena.
Maiatzak 27, astelehena
18:00 ToxicoWatch fundazioko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman Sutegin. Bost urteotan erraustegiak eragindako kutsadura aztertzeko eginiko behaketa lanaren emaitzen aurkezpen "tekniko zehatzago bat, gaia xehekiago aztertu eta eztabaidatu nahi duten aditu, teknikari, gizarte mugimendu eta hautetsien aurrean".
Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.