2019az geroztik egindako azterlanetan ToxicoWatchek behatu ahal izan duenez, "Zubietako erraustegiaren inguruan bildutako laginetan kutsaduraren igoera kezkagarria aurkitu da". Hala adierazi diote aipatu fundaziotik Erraustegiaren Aurkako Mugimenduari, gaurko agerraldian jakinarazi dutenez. Bost urtez aritu dira segidan "erraustegiaren kutsatzaileen" jarraipena egiten. Urtero bildu dituzte, "laginak inguruko uretan, erreketako sedimentuetan, lurretan, goroldioetan eta zenbait landare hautatuetan eta baita ere inguruan zenbait familiak autokontsumorako dauzkaten oilagietako arrautzetan".
Gai horietan guztietan, kutsatzaileon arrastoen bila aritu dira; "metal astunak (beruna, kobra, zinka, kromoa, merkurioa...), dioxinak, PCBak eta PFASak. Azken kutsatzaile hauek ("kutsagarri eternoak" ere deitzen dituztenak) gaur egun aktualitatean daude, horien debekua eta kontrola legez arautu nahian ari direlako Europa osoan".
"Kutsaduraren igoera kezkagarria"
Eginiko azterlanetik ondorio argia plazaratu du gaur Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Zubietako errebote plazan eginiko agerraldian; "Zubietako erraustegiak lau urte daramatza gu kutsatzen. Egia balitz erraustegiak ez duela kutsadurarik eragiten, hemen bildu diren laginetan ez lukete azaldu behar azaldu diren dioxina, PCB, metal astun eta PFASek". Aldiz, arestian aipatu moduan, "bildutako laginetan kutsaduraren igoera kezkagarria aurkitu da".
Batetik, "landareetan igoera nabarmenak ikusten dira dioxinetan, PCBetan eta PFASetan. Adibidez, gorostien hostoetan ikusten da dioxinak eta PCBak bikoiztu egin direla. Goroldiotan ere dioxina eta PCBen igoerak oso handiak dira. Lurpeko uretan metal astunen aztarnak (beruna, zinka, kobrea...) biderkatu egin dira".
Arrautzak ere aztertu dituzte, horietan "dioxina eta PCB maila altuak dauzkate eta urteotan horietan igoera oso nabarmenak ikusi dira, jangarriak izateko muga legalak gaindituz".