Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordea bilduko da gaur goizeko 9:30etan. Zubietako erraustegia hartuko dute ahotan bilkura horretan. Izan ere, akten onespenaz gain, jorratzeko bi kontu izango dituzte eguneko gai-zerrendan; biak ala biak, aipatu hondakinen tratamendu plantari lotutakoak.
Batetik, Batzar Nagusietan Euskal Herria Bilduk duen ordezkari politikoen taldeak agerraldi eskaera bat aurkeztuko du, "Holandako Toxico Watch Fundazioko ordezkarien agerraldia antola dezan".
"Holanda Toxico Watch Fundazioa ingurumen azterketa toxikologikoetan adituak dira eta Europako herrialde desberdinetan horrelako ikerketak egin ohi dituzte. 2019an, eta Zubietako erraustegia martxan jarri aurretik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak Zubieta inguruetan ingurumen laginak hartzen hasi ziren urtero", oroitarazi du EHBilduk.
"Lagin horiek Fundazio honi bidali izan dizkiote analisiak egin ditzaten. Fundazio honek bost urtetik behin argitara ematen ditu beren analisien ondorioak, 2023. urtean bete zirela bost urte lehenengo laginak jaso zituztenetik. Hori dela eta, maiatzaren 22tik 29ra bildutako lagunen azterketaren emaitzak Fundazioaren ordezkariak Kirsten Bouman eta Abel Arkenbout aurkezten egongo dira Gipuzkoan. Aukera ona iruditzen zaigu emaitza horien eta lan egiteko eraren berri eskaini diezazkiguten Batzar Nagusietan", dio EHBilduk prestaturiko agerraldi eskaeran.
Gogoan izan, asteartean Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Zubietan eginiko agerraldian ToxicoWatchek eginiko azterlanaren emaitzak aurkezteko bi saio iragarri dituzte Hernanin hilaren 23an eta Usurbilgo Sutegin hilaren 27an 18:00etan.
Biodonostiaren azterlana
Gaurko Jasangarritasun Batzordean, bestalde, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuko buru Jose Ignacio Asensioaren agerraldia iragarri dute. Agerraldi hau Asensiok berak eskatutakoa izango da, Batzar Nagusietatik iragarri dutenez, "Biodonostiako Ingurumen Epidemiologiari eta Haurren Garapenari buruzko Ikerketa Taldeko zuzendariarekin batera, Biodonostiak egindako azterlan honen emaitza nagusiak ezagutzera emateko: Epidemiologian espezializatutako zerbitzuak Gipuzkoako Ingurumen Gunearen funtzionamenduaren lehen lau urteetan".
Asensiorekin batera, agerraldi horretan parte hartuko du Biodonostiako Ingurumen Epidemiologiari eta Haurren Garapenari buruzko ikerketa taldeko zuzendari Jesus Ibarluzea Maurolagoitiak.
Zuzenean
Bi gai hauek hispide izango dituen Jasangarritasun Batzordearen bilkura, zuzenean jarraitu ahalko da Batzar Nagusien webgunetik.
Zubietako erraustegia sarritan hartu dute ahotan batzarkideek azken hilabeteotan. Nafarroako Artaxoara garraiaturiko lixibiatuak, erraustegiko mantentze lanak edota hidrogeno berdearen ekoizpen proiektua izan dituzte mintzagai.