Zubietako erraustegia

Espainiako Konstituzio Auzitegiak GuraSOSen babes-errekurtsoa izapidetzea onartu du

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 16a, 12:41

Espainiako Konstituzio Auzitegiak hartutako erabakiak "garrantzi konstituzional berezia du", GuraSOSen esanetan.

GuraSOSek aurkeztutako babes-errekurtsoa izapidetzea onartu du Espainiako Konstituzio Auzitegiak, aipatu elkarteak berak jakinarazi duenez. Garrantzia konstituzional berezikoa dela dio GuraSOSek, "haren babesean aurkeztutako errekurtsoen %1 bakarrik onartzen da" eta. Babes-errekurtso hau, "Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren) epai baten aurka aurkeztutakoa" da. Epai haren arabera, "elkarte horrek “legitimazio aktiborik eza” du epaitegietan jarduteko, Zubietako errauskailuarekin zerikusia duten kasuetan".

Aipatu moduan, GuraSOSek epai horren aurkako babes-helegitea aurkeztu du, "Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren bigarren sekzioak urte horretako martxoaren 29an emandako 134/2021 epaiaren aurka, ez baitzuen onartu erraustegiaren Ingurumen Baimen Integratuaren (IBI) aurka GuraSOS-ek aurkeztutako errekurtsoa". 

GuraSOSetik oroitarazi dutenez, "Euskal Auzitegiak berariaz saihestu zuen gaiaren mamian sartzea, eta, hala, errauskailuaren baimenaren legezkotasunari buruzko iritzia ematea saihestu zuen. Izan ere, errauskailua epaitu gabe geratu zen, eta GuraSOS taldeak errekurtsoa jartzeko “legitimazio aktiborik eza” argudiatu zuen".

Hamar eguneko epea
GuraSOSek Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen gero errekurtsoa berresteko. Tramitera onartu ez zuenez, Espainiako Konstituzio Auzitegira heldu da kasua. Orain, GuraSOSetik aditzera eman dutenez, "Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak hamar eguneko epea du, KAren probidentziaren arabera, “821/2016 Prozedura Arruntari dagozkion jarduketen kopia bidal dezan” GuraSOSek errekurritutako epaiarena. Aldez aurretik, prozeduran parte hartu dutenei dei egin behar zaie: Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK). Era berean, hiru erakunde horiek beste hamar eguneko epea dute “babes-errekurtso honetan agertzeko, hala nahi badute”, probidentziaren arabera". Horrez gain, "Auzitegi Gorenak ere, probidentzian ageri den bezala, elkarteak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa ez onartzeko autoa igorri beharko dio Konstituzio Auzitegiari".

GuraSOSetik espero dute, "Konstituzio Auzitegiak bere probidentzian adierazitako transzendentzia esplizituaz haratago, epaia ematerakoan arreta handiz erreparatuko diela Europako araudiak eta epaiek, bereziki sentiberak baitira".

Erraustegiaren baimenaz
Aurrera begira, "Epaiaren muin-auzia" GuraSOS ustez izango da, "Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia gaiaren mamian sartzera eta erraustegiaren baimena legez kontrakoa dela esatera behartuko duen ala ez, horrek errauskailuaren funtzionamenduan izan ditzakeen ondorioengatik".

GuraSOSek oroitarazi duenez, "ez da gai hau KAra iristen den lehen aldia. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, lehen ere, Ingurumenaren Euskal Legean ingurumenaren arloko ekintza publikoa onartzen zuen artikuluaren aurkako konstituziokontrakotasun arazoa planteatu zuen", aipatu elkarteak gogora ekarri duenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta eta Eusko Jaurlaritzako legelariaren oniritziarekin. Horrek egoera kafkiarra ekarri zuen. Alde batetik, Eusko Legebiltzarra eta GuraSOS, euskal legearen osotasuna defendatuz, eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak konstituziokontrakotasunaren auzia planteatuz. Erdian, Estatuko fiskal nagusiak, Eusko Legebiltzarraren eta GuraSOSen jarrerak abalatuz, eskatzen zitzaion konstituziokontrakotasun arazoa ez onartzeko eskatuz Konstituzio Auzitegiari".

Lege aitzindaria
EAE-ko Auzitegi Nagusiko epaiak "alarma handia" piztu zuela gogorarazi du GuraSOSek, "gizartean, bai administrazio eta ingurumen zuzenbideko eremu espezializatuetan, bai ingurumen erakundeetan".

Ondorioz, "horrek eraman gintuen Aldundia eta Eusko Jaurlaritza autogobernuari eraso egiten ari zirela salatzera. Azkenik, KAk adierazi bezala eman zuen iritzia, eta horrekin batera, 25 urtez modu baketsuan indarrean egon zen arau bat indargabetu zuen". Aitzindaritzat jotzen du lege hau GuraSOSek, "aurrerapausoa eman zuen ingurumen demokraziaren arloan".

GuraSOSek plazaraturiko albiste hau osorik irakur dezakezue, blogagurasos.wordpress.com atarian.