Duela astebete Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Zubietan eginiko agerraldian bi deialdi iragarri zituen. Batetik, larunbat honetarako, maiatzaren 18rako martxa, Lasarte-Oriatik (11:00, Okendo plaza), erraustegi atariraino "agintariei exijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon".
Bestalde, azken bost urteotan Zubietako aipatu planta piztu aurretik eta ondoren, haren eraginaz, urtez urte bildutako laginetan oinarrituta egin duten azterketa lanaren emaitzak aurkeztera datoz Herbehereetako ToxicoWatch fundazioko bi ordezkari. Abel Arkenbout eta Kirsten Boumanen agerraldi bana iragarri ditu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, maiatzaren 23an Hernanin eta hilaren 27an Usurbilen.
"Bost urteko datuen analisiak eta emaitzak"
Hernanikoa izango da estreinako hitzordua eta hara joateko gonbita egin dute antolatzaileek. "Errausketaren Aurkako Mugimendutik gonbidatzen zaitugu ToxicoWatch fundazioko Abel Arkenbout eta Kirsten Boumanek maiatzaren 23an Hernanin emango duten hitzaldira". Gogora ekarri dutenez, "2019tik Zubietako Erraustegiaren inguruko kutsaduraren jarraipena egiten ari da Herbeheretako ToxicoWatch fundazioa, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta Zubieta Lantzen elkarteak eskatuta. Bost urteko datuen analisiak eta emaitzak eskainiko dituzte agerraldi horretan".
Usurbilgo hitzordua helduko da segidan. Baina hirugarren agerraldi bat egitea ere onartu dute; kasu honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Maiatzaren 9an egin zuten Jasangarritasun Batzordean, EHBilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak ToxicoWatchekoak bertara joatea eskatu zuten. Eskaera aho batez onartu zuten gainerako batzarkideen talde guztiek; aipatu bi eragile politikoekin batera, EAJ-k, PSE-k eta PP-k. Momentuz ez dute zehaztu noiz izango den Batzar Nagusietako aurkezpen hau.
Deialdiak
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren deialdiak
Maiatzak 18, larunbata
11:00 Erraustegira martxa Lasarte-Oriako Okendo plazatik.
Babesleak: Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan.
Maiatzak 23, osteguna
18:00 ToxicoWatch fundazioko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman Hernaniko Sandiusterrin. Bost urteotan erraustegiak eragindako kutsadura aztertzeko eginiko behaketa lanaren emaitzen herri aurkezpena.
Maiatzak 27, astelehena
18:00 ToxicoWatch fundazioko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman Sutegin. Bost urteotan erraustegiak eragindako kutsadura aztertzeko eginiko behaketa lanaren emaitzen aurkezpen "tekniko zehatzago bat, gaia xehekiago aztertu eta eztabaidatu nahi duten aditu, teknikari, gizarte mugimendu eta hautetsien aurrean".
Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.