Hogei urte betetzera heldu da hondakinen errausketaren aurkako borroka. Bi hamarkada, hamaika protesta eta sentsibilizazio ekimen. Hamaika gertaera izan da hamarkada hauetan. Hainbat izan ziren hasieran kudeaketa eredu hau sustatzeko tratamendu planta honen balizko kokaguneak. Azkenean Zubieta gaina hautatu zuten. Ordutik, hasieran eraikitzea saihesteko, gerora eraikitze lanak hasita haiek geratzeko eta gauza bera orain, behin martxan jarrita, errausketaren aurka eta planta hau ixtea eskatzeko borrokak hor dirau.
Errausketaren aurkako aldarriak hogei urte bete ditu eta bi hamarkada hauen ibilbidea oroitarazi duen erakusketa plaza atera du gaur, Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Lasarte-Oriatik Zubietako aipatu plantara antolatu duen oinezko martxa hasi aurretik, abiapuntuan, Okendo plazan errausketaren aurkako borrokak 20 urte bete dituenez, bi hamarkada hauek iruditan oroitzeko baliatu du gaurko mobilizazioa. Urteotan kaleraturiko hainbat kartel gogoangarri plazaratu dituzte; Kontxan urteotan eginiko giza-kateak iragartzen zituztenak, jardunaldiak...
Mugarri izan ziren hainbat gertakari ere gogora ekarri dituzte kartelok; moratoria eta erreferendum eskaerak egin zirenekoak, 2013an eraikitze lanak geratzea lortu zeneko Usurbilgo jaialdia egin zenekoa, erraustegira egindako hainbat martxa... Gaur Lasarten ikusgai jarritakoa herri gehiagotara eraman asmo dute hurrengo hilabeteotan.