Izan ere, salatu dutenez, azken aldian "erraustegi honen egia ezkutuak" agerian geratzen ari dira; Arkaitzerrako hondamendia edota Nafarroako Artaxoara bidalitako lixibiatuen auzia ekarri dute gogora, baita hondakinen errausteak sortutako errauts eta zepak nora bidali edo zertara bideratzen dituzten ere.
Atmosferan nahiz natura osoan erraustegiak duen kalteaz ohartarazi dute. Hala, azken bost urteotan ToxicoWatch Herbeheeretako fundazioak eginiko azterlana ekarri dute gogora. Egunotan aurkeztuko dituzte emaitzak. Hitzorduotara joateko gonbita egin dute.
"Alferrikako erraustegi hau gelditu beharra daukagu", nabarmendu dute. Segidan duzue (baita albiste honi atxikitako bideoan ere) errausketaren aurkako oihuen artean antolatzaileek plazaratu duten adierazpena bere osotasunean:
ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUAREN ADIERAZPENA
Hemen gaude berriro ere, Gipuzkoako eta EAE-ko agintariei ozen oihu egiteko; itxi ezazue behingoz, alferrikako erraustegi zikin, arriskutsu eta garesti hau! Ez, ez, ez, errausketarik ez! Ez, ez, ez Zubietan eta ez inon. Errausketaren Aurkako Mugimenduaren izenean, bihotzetik milesker honaino hurbildu zareten guztioi. Esango dute, ez garela jende asko, esango dute ez dugula indar handirik, baina denon artean batetik eta bestetik bultzaka ari garelako erraustegi honen egia ezkutuak pixkanaka ari dira ateratzen argitara. Gogoratzen erraustegiaren propagandistek nola aipatzen zuten zaborraren turismoa? Alegia, Gipuzkoan atez atekoan eta beste sistema garbietan ari diren herrietako datuak faltsututa omen zeudela, inguruko herrietara eramaten omen zituztela zaborrak... Gogoratzen?
Lagunok, hona hemen zabor turismoaren motorra; Gipuzkoako zabor turismo handia egiten duen Zubietako erraustegia. Herritarrei sinetsarazi nahi digute, gure zaborrak Zubietako instalazio handi eta garesti hauetan desagertu egiten direla, baina ez dira desagertzen. Erretzean, hondakin arriskutsu bihurtu eta erraustegiak bazter guztietara bidaltzen ditu, behin eta berriro. Desastre honen arrastoak ari dira azaltzen batean eta bestean. Zubietako erraustegi honetan sortutako lixibiatu likidoak behin eta berriro agertu dira han behean, Arkaitzerrekan. Hortxe dago erreka erreta, arrain eta gainerako bizidunak hilda. Zubietak sortutako beste zabor zati bat, ez da gutxi, 5.500 tona, modu ilegalean Nafarroako Artaxoara bidali dituzte hemendik, Nafarroako gobernuak debekatu duen arte. Geroztik, Bizkaira bidaltzen hasiak omen dira. Agintariek zergatik ez dituzte aipatzen zabortegi bereziak behar dituzten errauts toxikoak?
Erraustegi honetan, 100 tona erretzen den aldiero 3 tona errauts oso toxiko sortzen dituzte, 4.000 tona urtean gutxi gorabehera. Hemendik ateratzen dira Gipuzkoako esportazio berriak, errauts toxiko pila, Valladolideko Santovenia de Pisuergara bidaltzen dituzte, 330 kilometrora. Ez digute esaten beste hau ere; baina badakigu. Erraustegian erretzen dituzten hondakin tona guztien %23 zepa edo eskoria bihurtuta ateratzen dela labetik. Horiek Zubietatik inguruko zementu fabriketan (Añorga, Lemoa...) banatzen dituzte, gero, etxe, eraikin publiko eta gainerako azpiegituretan sartuta, gure hormetan uzteko. Asensio jauna, EAJ eta PSE-ko agintariok, horra zuek etengabe sortzen duzuen zabor turismoa, pozoi hutsa.
Erraustegiaren beste zabortegi handia atmosfera da. Bertara isurtzen dituzte hemendik milaka tona CO2 eta bestelako negutegi gasak. Erraustegia izango da larrialdi klimatikoa sortzen duten gas hauen igorle nagusia Gipuzkoan eta gainera erraustegiak inguruan sakabanatzen ditu oso-oso kutsakorrak diren dioxinak, furanoak, metal astunak eta PFAS edo kutsatzaile eternoak. Tristea da baina azkenean, geu bihurtu gaituzte Gipuzkoako hondakinen azken zabortegia; hemen bizi garen eta ondoko urteetan biziko diren pertsonak, animaliak, landareak eta natura osoa.
Agintarien jokabide itsu eta maltzurra ikusita, 2019an erraustegia martxan jarri aurretik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak herritar askoren eta zenbait udalen laguntzarekin, Herbehereetako ToxicoWatch fundazioari eskatu zion erraustegiak inguruan zabaltzen dituen kutsaduraren jarraipen eta ikerketa egitea. Bost urtez egin ondoren, datorren astean aurkeztuko dituzte beren emaitzak.
Errausketaren Aurkako Mugimenduak jada aurreratua du ToxicoWatchen emaitzak oso-oso kezkatzekoak direla. Hemen inguruko lurzoruan, uretan, goroldioetan, landareetan eta oiloen arrautzetan nabari direla, dioxina, PCB, metal astun, eta PFAS kutsatzaileen igoera.
ToxicoWatcheko ikerlariak berak gure artean izango dira emaitzak aurkezten, maiatzaren 23an Hernanin eta 27an Usurbilen eta hitzaldiaz gain, hedabide, web eta sare sozialetan ere ipiniko ditugu emaitza horiek. Denok gaude gonbidatuta informazio horiek entzun, irakurri eta eztabaidatzera.
Gipuzkoan ondo dakigu hondakinak kudeatzeko badaudela errausketa baino sistema hobe, merkeago eta garbiagoak. Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herrietan. Horregatik, alferrikako erraustegi hau gelditu beharra daukagu; ez, ez, ez, errausketarik ez! Ez Zubietan, ez inon!