Zubietako erraustegia

"ToxicoWatch-en emaitzak oso-oso kezkatzekoak dira"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 18a, 17:14

Oso kezkagarritzat jo ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak ToxicoWatch fundazioak egunotan Hernanin eta Usurbilen aurkeztuko dituen azken bost urteotako ikerlanaren emaitzak.

Zubietako erraustegia piztu aurretik, 2019. urtean hasi ziren inguruotan laginak biltzen. Ordutik urtero errepikatu dute lanketa hau, aipatu tratamendu planta bera martxan jarri ostean. Bost urteotan bildutako emaitzak aurkeztera datoz orain eta oso kezkagarritzat jo ditu gaur Errausketaren Aurkako Mugimenduak Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira joateko antolaturiko oinezko martxaren amaieran.

ToxicoWatch fundazioak erraustegiak eragindako kutsadurari buruz bost urteotan eginiko azterlanaz ari ziren. "Errausketaren Aurkako Mugimenduak jada aurreratua du ToxicoWatchen emaitzak oso-oso kezkatzekoak direla. Hemen inguruko lurzoruan, uretan, goroldioetan, landareetan eta oiloen arrautzetan nabari direla, dioxina, PCB, metal astun, eta PFAS kutsatzaileen igoera", salatu dute gaurko martxaren amaieran, Zubietako erraustegiaren atarian plazaraturiko adierazpenaren bidez.

Emaitza hauei buruzko xehetasunak aurkezteko saio bana iragarri dute egunotarako Hernanin (maiatzaren 23an) eta Usurbilen (maiatzaren 27an). "Denok gaude gonbidatuta informazio horiek entzun, irakurri eta eztabaidatzera", adierazi dute antolatzaileek. Emaitzak gainera, online bidez ere zabaltzekoak dira Errausketaren Aurkako Mugimendutik gaur iragarri dutenez.

Egunotan plazaratuko duten ikerlana herritik finantzaturikoa izan dela nabarmendu dute. Izan ere, 2019an, "Errausketaren Aurkako Mugimenduak herritar askoren eta zenbait udalen laguntzarekin, Herbehereetako ToxicoWatch fundazioari eskatu zion erraustegiak inguruan zabaltzen dituen kutsaduraren jarraipen eta ikerketa egitea. Bost urtez egin ondoren, datorren astean aurkeztuko dituzte beren emaitzak". 

"Zubietako erraustegiak lau urte daramatza gu kutsatzen"
Berriki, gaurko mobilizazioa iragartzeko Zubietako errebote plazan egindako agerraldian Errausketaren AUrkako Mugimendutik aurreratu zutenez, "Zubietako erraustegiaren inguruan bildutako laginetan kutsaduraren igoera kezkagarria aurkitu da". Horregatik, ondorioztatu zutenez, "Zubietako erraustegiak lau urte daramatza gu kutsatzen. Egia balitz erraustegiak ez duela kutsadurarik eragiten, hemen bildu diren laginetan ez lukete azaldu behar azaldu diren dioxina, PCB, metal astun eta PFASek".

Batetik, "landareetan igoera nabarmenak ikusten dira dioxinetan, PCBetan eta PFASetan. Adibidez, gorostien hostoetan ikusten da dioxinak eta PCBak bikoiztu egin direla. Goroldiotan ere dioxina eta PCBen igoerak oso handiak dira. Lurpeko uretan metal astunen aztarnak (beruna, zinka, kobrea...) biderkatu egin dira".

Arrautzak ere aztertu dituzte, horietan "dioxina eta PCB maila altuak dauzkate eta urteotan horietan igoera oso nabarmenak ikusi dira, jangarriak izateko muga legalak gaindituz".


Deialdiak
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren deialdiak
Maiatzak 23, osteguna
18:00 ToxicoWatch fundazioko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman Hernaniko Sandiusterrin. Bost urteotan erraustegiak eragindako kutsadura aztertzeko eginiko behaketa lanaren emaitzen herri aurkezpena.

Maiatzak 27, astelehena
18:00 ToxicoWatch fundazioko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman Sutegin. Bost urteotan erraustegiak eragindako kutsadura aztertzeko eginiko behaketa lanaren emaitzen aurkezpen "tekniko zehatzago bat, gaia xehekiago aztertu eta eztabaidatu nahi duten aditu, teknikari, gizarte mugimendu eta hautetsien aurrean".

Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.