Bi ez, azkenean hiru izango dira. Erraustegia piztu aurretik, 2019an hasi eta azkeneko bost urteotan, Zubietako planta martxan jarri osteko urteetan eginiko azterlanaren emaitzak aurkeztera doa egunotan, haren egile Herbehereetako ToxicoWatch fundazioa. Bertako ordezkariak gure artera datoz, asteotan Errausketaren Aurkako Mugimenduak iragarri bezala. Izan ere, eragile honen eskariz egindakoa da aipatu ikerlana, hainbat herrikideek eta udalek diruz lagundu zutena.
Guztira hiru aurkezpen saio iragarri dituzte; lehenengoa, etzi, maiatzak 23, Hernanin; bigarrena, datorren astelehenean, hilaren 27an, Usurbilen, biak ala biak Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolaturikoak.
Batzar Nagusietan ere bai
Gaur iragarri dute hirugarren agerraldia; Usurbilgo saioa egingo den egun berean, datorren astelehen goizean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztuko du ikerlan hau ToxicoWatch-ek Jasangarritasun Batzordean. Izan ere, batzorde horretan bertan, hilaren 9an, EHBilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak aipatu fundaziokoak bertara gonbidatzea galdegin zuten. Gainerako batzarkideen taldeek (EAJ-k, PSE-k eta PP-k) baiezkoa eman zioten eskaera horri.
Bi taldeek eginiko eskaeran azaltzen dutenez, "Holandako ToxicoWatch fundazioa ingurumen azterketa toxikologikoetan adituak dira eta Europako herrialde desberdinetan horrelako ikerketak egin ohi dituzte. 2019an eta Zubietako erraustegia martxan jarri aurretik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak Zubieta inguruetan ingurumen laginak hartzen hasi ziren urtero. Lagin horien fundazio honi bidali izan dizkiote analisiak egin ditzaten. Fundazio honek bost urtetik behin argitara ematen ditu beren analisien ondorioak. 2023. urtean bete ziren bost urte lehenengo laginak jaso zituztenetik. Hori dela eta, maiatzaren 22tik 29ra bildutako laginen azterketaren emaitzak aurkezten egongo dira Gipuzkoan fundazioko ordezkari Kirsten Bouman eta Abel Arkenbout. Aukera ona iruditzen zaigu emaitza horien eta lan egiteko eraren berri eskaini diezaguten Batzar Nagusietan".
Horregatik eskatzen zioten Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeari haien agerraldia antolatzea, "Zubieta inguruetan jasotako ingurumen laginen azterketen emaitzak eta euren jardunaren berri eman dezaten". Hilaren 27an izango da aurkezpen saioa, Usurbila etorri aurretik egingo dute.
"Emaitzak oso-oso kezkatzekoak dira"
Egunotan, ToxicoWatch-eko ordezkariak aurkeztera doazen emaitzen aurrerapena helarazi diote Errausketaren Aurkako Mugimenduari. Herri mugimendu honen esanetan, "oso-oso kezkatzekoak dira". Hemen inguruko lurzoruan, uretan, goroldioetan, landareetan eta oiloen arrautzetan nabari direla, dioxina, PCB, metal astun, eta PFAS kutsatzaileen igoera", salatu zuten iragan larunbatean erraustegira eginiko martxaren amaieran.
Xehetasun gehiago eskaini zituzten aldez aurretik, maiatzaren 18ko mobilizazioa iragartzeko Zubietako errebote plazan eginiko agerraldian. "Zubietako erraustegiaren inguruan bildutako laginetan kutsaduraren igoera kezkagarria aurkitu da". Horregatik, ondorioztatu zutenez, "Zubietako erraustegiak lau urte daramatza gu kutsatzen. Egia balitz erraustegiak ez duela kutsadurarik eragiten, hemen bildu diren laginetan ez lukete azaldu behar azaldu diren dioxina, PCB, metal astun eta PFASek".
Batetik, "landareetan igoera nabarmenak ikusten dira dioxinetan, PCBetan eta PFASetan. Adibidez, gorostien hostoetan ikusten da dioxinak eta PCBak bikoiztu egin direla. Goroldiotan ere dioxina eta PCBen igoerak oso handiak dira. Lurpeko uretan metal astunen aztarnak (beruna, zinka, kobrea...) biderkatu egin dira".
Arrautzak ere aztertu dituzte, horietan "dioxina eta PCB maila altuak dauzkate eta urteotan horietan igoera oso nabarmenak ikusi dira, jangarriak izateko muga legalak gaindituz".
ToxicoWatch fundazioko ordezkarien agerraldiak
Maiatzak 23, osteguna
18:00 ToxicoWatch fundazioko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman Hernaniko Sandiusterrin. Bost urteotan erraustegiak eragindako kutsadura aztertzeko eginiko behaketa lanaren emaitzen herri aurkezpena.
Maiatzak 27, astelehena
10:30 ToxicoWatch fundazioko ordezkarien agerraldia Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean. Saioa zuzenean ikusi ahalko da bngipuzkoa.eus atariaren bidez.
18:00 ToxicoWatch fundazioko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman Sutegin. Bost urteotan erraustegiak eragindako kutsadura aztertzeko eginiko behaketa lanaren emaitzen aurkezpena.
Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.