Ikusmina eragin zuen aste hasierako Sutegiko ekitaldiak. Argi utzi nahi izan zuten antolatzaileek hasieratik, helburua ez zela ez beldurtzea, ezta etsipena sortzea ere, "ezkutuko egiak" azaleratu eta erraustegia geratzeko borrokan indartzea baizik. Hizlariak gerora ere modu berean mintzatu ziren. "Ez dugu inor beldurtu nahi", haien egitekoa datuak ekartzea, zientzia plazaratzea baino ez zela argi utzi nahi izan zuten ToxicoWatch fundazioko kide Kirsten Bouman eta Abel Arkenboutek. Azken bost urteotan, Zubietako erraustegiari buruz eginiko ikerlanaren emaitzak aurkeztu zituzten astelehenean Sutegiko auditorioan. Aldez aurretik, Hernanin eta Batzar Nagusietan ere agerraldi bana egin eta egunotan laginak biltzetik ere bazetozen.
Kutsadura askoz handiagoa
Laburbilduz, bost urteotan, hau da, erraustegia piztu aurretik, 2019an eta segidako urteetan, Zubieta gaineko planta piztu osteko lau urteetan bildutako datuen arabera, ondorio argira heldu dira ToxicoWatch-ekoak; orohar, kutsaduraren igoera nabarmena behatu dute aipatu fundazioko kideek erraustegiaren bueltako udalerrietan; Usurbilen, Zubietan, Lasarte-Orian, Hernanin, Urnietan edota Andoainen.
2023an oiloen arrautzak ikertu zituzten oilategi guztietan dioxinen hazkuntza behatu zuten, PCB-ak eta PFASak ere hazi zirela. 2021. urtetik dioxinen kontzentrazio altua hazten joan zela goroldioan. Joera bera sumatu dute baita aztertu dituzten pinu orratzetan. Metal astunen kopurua hazi egin zen baita ur eta sedimentuetan.
Hainbat gardenkien bidez, laginak hartutako eremuetako balioak erakutsi zituzten; zenbaki zehatzak. Esaterako, 2019-2023 urte artean eremu berdinetan jasotako laginen emaitzak alderatu zituzten. Aldea esanguratsua da. Lau urteko tartean, 2023an orohar hirukoiztu egin ziren 2019an erregistraturiko balioak. Aipatzekoa da, erraustegia piztu aurretik jaso nahi izan zituztela lehen laginak, une hori eta gerora, aipatu Zubieta gaineko planta martxan jarri osteko datuak alderatu ahal izateko. "0 laginketa" hark Europak araututako muga gainditzen zuen hainbat neurketa eremuetan. Aipatu moduan, are datu okerragoak erregistratu ziren iaz, hiru aldiz okertu zen bataz beste, orohar, dioxinen kopurua.
Toxikotasuna biderkatu da
Lagin hainbatetan gai kutsakorren balio oso altuak antzeman dituzte. Hala aurreratu dute, gogoan izan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak egunotan. Batetik, "landareetan igoera nabarmenak ikusten dira dioxinetan, PCBetan eta PFASetan. Adibidez, gorostien hostoetan ikusten da dioxinak eta PCBak bikoiztu egin direla. Goroldiotan ere dioxina eta PCBen igoerak oso handiak dira. Lurpeko uretan metal astunen aztarnak (beruna, zinka, kobrea...) biderkatu egin dira". Arrautzak ere aztertu dituzte, horietan "dioxina eta PCB maila altuak dauzkate eta urteotan horietan igoera oso nabarmenak ikusi dira, jangarriak izateko muga legalak gaindituz".
Ura, sedimentuak, landaredia, erraustegitik hurbil dauden oilategietako arrautzak, ama-esnea... aztertu dute urteotan. Bereziki esker ona agertu zieten, ikerketan parte hartu zuten amei. "Benetan estimatu genuen ahalegin hori", ToxicoWatch-koen esanetan.
Etengabeko neurketaren alde
Europan barrena azken hamarkadan egin dituzten hainbat ikerlanetatik behatu ahal izan dutenez, erraustegiak teknologia aurreratuenarekin eraikiko dituztela iragartzen denean, ezkutuan geratzen den alderdirik bada ToxicoWatch-ekoen esanetan. Esaterako, "arazoak izaten dituztenean" zer gertatzen den. "Emandako datuak ohiko funtzionamenduarenak izaten dira", haien esanetan. Baina Zubietako erraustegian eta beste hainbatetan gertatu ohi dira ezbeharrak, funtzionamendua eten beharra, berriz martxan jarri beharra... Une horietan, "gas isurketa izugarriak gertatzen dira", nabarmendu zuten ikerlariek. Gai toxiko hauek ikusezinak dira, ez dute usaintzen baina "iraunkorrak dira" eta metatzen doaz, "oso zailak dira desegiten" eta ohartarazi zutenez, "metatzen direnean eragiten dute arriskua gure osasunean". Horregatik zioten, "etengabeko azterketak egitea da bidea" helburu nagusi batekin; jakiteko hondakinen errausketak egoki funtzionatzen duen eta ea "erraustegiak zer ekarpen egiten duen toxikotasunean".
Horrekin batera, kontuan hartzekoa iruditzen zaie, "hondakinak zenbateraino ari diren aldatzen", baina batez ere, neurketa jarraituei garrantzia eman zieten. "Etengabeko neurketa hori egin beharra dago" eta modu horretan jakin, zer den erraustegiko tximiniatik irteten dena. Horretarako, bost urteotan abiaturiko ikerlan honekin segitzeak duen garrantzia nabarmendu zuten.
Hainbat herritarrek eta udalek diruz lagundutako ikerlan hau Zero Waste Europe (Zero Zabor Europa) sustaturiko zazpi ikerlanen sarean txertatu dute. Zubietako erraustegiko behaketa lanarekin batera daude, Madril, Paris, Belgika, Lituania, Txekia eta Herbehereetako plantei buruzkoak.
Lankidetzarako deia, "elkarrekin irtenbideak aurkitzeko"
Ordu eta erdiko saioa, aldibereko itzulpen zerbitzuaz jarraitu ahal izan zuten kultur-etxeko auditoriora joandakoek. Entzuleek egin zitzaketen galderen tartean, berriki Foru Aldundiaren eta GHK-ren eskariz BioGipuzkoak eginiko ikerlanaz zuten iritziaz galdetu zieten ToxicoWatch-eko kideei. Xehetasunak ez dituztela ezagutzen erantzun zuten, baina ToxicoWatchek lan egiteko modua ekarri zuten gogora. Batetik, azterketak bere baitan hartutako lur-eremua zehatzagoa izan zela ToxicoWatch-ekoena, zabalagoa BioGipuzkoakoena. Metodologia bikoitza baliatu dute; azterketa kimikoa eta baheketa baliatu dute behaketa lanotan. Horrez gain, ikerlan hauetan laginketak nahikoa adierazgarria izan behar duela defendatu zuten, ez edozelan eginiko datu bilketa. Halere, lankidetzan jarduteko prestasuna adierazi zuten. "Elkar hartuta lan egitea gustatuko litzaiguke, elkarrekin irtenbideak aurkitzeko", adierazi zuten ToxicoWatch-eko kideek. Izan ere, fundazio independente honen lan egiteko moduarekin bat datoz adierazpenok. Inguruneko gai kutsakor iraunkorren laginketa, azterketa eta zabalpena egiten dute eta zientzia lan hauen bidez zubiak eraiki eta elkarlan guneak sustatu nahi izaten dituzte herritar, gobernu eta industrien artean.
Ildo horretan, Zubietako erraustegiaren kasuan ere, elkarlanerako guneen beharra aldarrikatu zuten, esaterako, Belgikako erraustegiaren bueltan bideratzen ari direnaren antzera. Han ere, "oso kezkatuak zeuden, zuek bezala", adierazi zuten Sutegin ToxicoWatch-eko ordezkariek. Lan talde bat eratua dute, erraustegiko kudeatzaileekin eta etengabeko neurketak egiten jarraitzeko asmoa dute.
Iturria aurkitu nahi
Bide horretan, lehentasunezko lan-ildoetakoa jorratzea nahiko luketena zein den adierazi zuten Sutegin. Aipatu moduan, bost urteotako ikerlanen emaitzak aurkeztu dituzte. Gai toxikoen presentzia hazi egin dela nabarmen diote emaitza horiek. Aurrera begira, ordea, urrats bat gehiago emateko nahia adierazi zuten. "Kutsadura horren iturria aurkitu nahi dugu", Sutegiko aurkezpen ekitaldiko hizlariek adierazi zutenez. Horretarako, aipatu moduan, ezinbestekotzat jo zuten erraustegian gertatzen dena etengabe neurtzea.
Hausnarketa udazkenean
Errausketaren Aurkako Mugimendutik Sutegiko ekitaldian iragarri zutenez, BioGipuzkoak eta ToxicoWatchek ezagutarazitako ikerlanen edukia adituekin aztertu ostean, datorren udazkenean horri guztiari buruzko gogoeta plazaratu asmo dute.