"Sagardoaren etorkizuna egurrezko ontzietan dago"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 28a, 14:36

Egurrezko ontzietan ondutako sagardoen Euskal Herriko 6. txapelketa egingo da ekainaren 9an Aginagan. Astearte honetan aurkeztu dituzte nondik norakoak antolatzaileek.

Etorkizunari begirakoa da gaur agerraldi bidez aurkeztu duten ekimena; jada seigarren ediziora iritsi arren, aurrera begira dagoen lehiaketa; egurrezko ontzietan ondutako sagardoen Euskal Herriko seigarren txapelketa. Ekainaren 9an, estreinakoz Sagardo Egunetik kanpo eta Usurbilen beharrean, Aginagan egingo den ekimenaren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur antolatzaileek agerraldi bidez, Zubietako Iruin sagardotegian.

Jakoba Errekondok hasieratik argi utzi duenez, txapelketa hau egiten dute, "sagardoaren etorkizuna egurrezko ontzietan dagoelako". Ildo horretatik segita, "geroz eta garrantzia handiagoa eman nahi diogu". Aipatu moduan, oraingoan, Aginagan egingo da, bertako Eliza Zaharrean, eremu hau kudeatzen duen elkarguneko kideekin lankidetzan". 

"Usurbil sagarraren bihotza, sagardoaren kultura"
Ekimen hau, urtean zehar sagarraren eta sagardoaren kultura sustatzeko antolatzen den hitzorduetako bat dela nabarmendu du txapelketa hau ahalbideratzen lagunduko duen Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak. Ezagunena, sustrai sakonenak dituena, zalantza izpirik gabe igaro berri den Sagardo Eguna da, baina alkateak oroitarazi duenez, hitzordu honetatik haratago, "ekimen asko eta askotarikoak antolatzen dira Usurbilen, sagarraren eta sagardoaren bueltan".

Horren erakusle argia da hain zuzen, "bere garaian sagardogintzaren bueltan aritzen garen eragile askok sortutako Usurbil sagarraren bihotza, sagardoaren kultura marka eta marka horrenpean osatzen den agenda". Agenda horren baitan iragarri izan da aurreko edizioetan lerrootan mintzagai dugun txapelketa. "Kasu honetan, badago gainera, asmo bat, sagardogintza egiteko modu hori, belaunaldiz belaunaldi transmititu izan den jakintza eta ezagutza hori galdu ez eta indartzekoa", Solaberrietaren esanetan. 

Errekondok eginiko aurreikuspena ahotan hartuta, alkateak gaineratu duenez, "etorkizuna egurrean izango bada, balio dezala ekimen honek ere horretarako. Alde horretatik, ahalegin hau egiten ari diren eragileak zoriondu nahi ditut". Eragileon artean Udala egongo dela ziurtatu du. 7.000 euro bideratuko ditu txapelketa honetara eta lehiaketako "Herriko Etxea" sari nagusia, Udalaren eskutik banatuko da.

Sagardoaren Mahaia
Etorkizunera begirako txapelketa da, beraz, honako hau. Aurrera begira dira baita sektore honetan lankidetzan dabiltzan herri eragileak. "Etorkizunean ditugun erronka horiei elkarrekin erantzuteko gune bat eskaintzeko bokazio horrekin abiatzen da berriz ere Sagardoaren Mahaia", iragarri du bertako kide den Udaleko alkateak.