Euskal Herritik inoiz baino gertuago izango du mundu mailako kirol hitzordu garrantzitsuena. Izan ere, uztailetik abuztura jokatuko diren Olinpiar Jokoen ondotik, Paraolinpiar Jokoak jokatuko dira Frantziako hiriburu nagusian, Parisen, abuztuaren 28an hasi eta irailaren 8ra arte. Txapelketa honetarako sailkatua dago Zubietako Nahia Zudaire Borrezo, Iñigo Llopisekin batera. 22 kirol jardueretako batean lehiatuko da, igeriketa egokituan.
"Ibilbide oso polita eta ona izan dut"
Gogoan izan, bigarrenez parte hartuko du mundu mailako hitzordu horretan, 2021ean, Tokion lehiatu zen eta. Aldaketa ziklo bat bizi izan duela aipatu dio Zudairek BasqueTeam fundazioak ekoitzi eta albiste honi atxikia duzuen ikus-entzunezkoan. Pandemia garaiko testuinguru hartan, "azken uneko" prestakuntza jasota joan behar izan zuen Tokiora duela hiru urte.
Oraingo honetan, ordea, Pariseko Olinpiar Jokoetarako "hiru urte daramatzat prestatzen". Ondorioz, "Parisera ondo iritsiko naiz. Ibilbide oso polita eta ona izan dut. Nire onena emango dut, ilusio hori dut, nire onena ematen jarraitzekoa", Nahiaren esanetan.
Etxekoen hurbileko babesa
Gainera, Euskal Herritik hain hurbil lehiatuta, orain arte bizi gabeko esperientzia izango duela aurreikusten du; lagunak, etxekoak bera lehiatzera ikustera joateko aukera hain zuzen. Ikus-entzuleei dagokienean, Zudairek desio du "jendeak ikustea igeriketa egokitua lehiakorra dela. Prozesu horretan jarraitzeko guk ere maila altuagoa eman behar dugu".
Igeriketarekiko zuen ikuspuntua erabat aldatu diote txapelketa hauek Zubietako kirolariari. "Ikaskuntza oso handia izan da. Oso ondo etorri zitzaidan zer nahi izan eta nora joan nahi dudan, batez ere nola" argitzeko. Orain, lasaitasun handiagoz eta hobeto prestatzeko aukera izan duela dio azken hiru urteotan.
Bizimodua aldatu zaio. Izan ere, txikitatik lasaitasuna ekarri dion igeriketarako zaletasuna "nire lanbidean bilakatu da". Asko ikasi duela baina ikasteke asko geratzen zaiola adierazi dio BasqueTeam Fundazioari eskainitako elkarrizketan.