Uztailaren 24an hasi eta hilaren 31ra arte jai izango dute Zubietan. Hamaika hitzordutan parte hartzeko aukera eskainiko duten antolatzaileek. Haietako ekitaldi batean baino gehiagotan lekua hartzeko aukera duzue. Izan ere, lagunartean, festa giroan ospatzeko moduko hainbat otordu iragarri dituzte egun horietarako. Deialdiotan izen-emateko epea zabalik duzue.
Batetik, uztailaren 27an 14:00etan jubilatuen bazkaria iragarri dute Joko Garbi elkartean. Bertara joan nahi duenak izena beranduenez bi egun lehenago eman beharko du 620 704 459 (Ekain) telefono zenbakian. Egun horretan bertan amaituko da baita (uztailaren 25ean), festen azken eguneko, hilaren 31ko zikiro janerako txartelak eskuratzeko epea. Alamandegin eta Irigoienen erosi ahalko dituzue, antolatzaileek ohartarazi dutenez.
Herri afarirako berrikuntza
Jubilatuen bazkariaren egun berean, uztailaren 27an, bertso bazkaria ere iragarri dute. Hitzordu horretan parte hartzeko uztailaren 23a baino lehen idatzi beharko duzue gurdirock@gmail.com helbidera.
Festei, bestalde, Zubietako Pilota Elkarteak eskainitako herri afariak emango die hasiera hilaren 24an, iluntzeko 21:00etan. Jai Batzordetik ohartarazi dutenez, "aurten tiketen eskaria egiteko metodo berri bat dugu. Gutunazal barruan dagoen QR kodearen bitartez eskaria eta ordainketa egin beharko da. Umeen kasuan, egunean bertan erosi ahalko dira".
Girotzeko bitartekoak
Jaiak egunerokotasunetik irteteko aitzakia ezin ederragoak izan ohi dira. Horregatik, etxe atariak, kaleak eta plazak atontzeko egun aproposak ere badira. Horren harira, jai batzordetik gogorarazi dute txosnetan eskuratu ahalko direla zapiak eta banderak.