"Larrialdia!" izenburupean, asteburuan Zubietako Arkaitzerrekan beste isurketa larri bat gertatu dela salatu du GuraSOSek sare sozialen bidez. Gogoan izan, erraustegi paretik igarotzen dela erreka hau eta ez dela halakorik gertatzen den lehen aldia. "Beste isurketa larria Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara!", dio aipatu elkartearen salaketa mezuak. Arkaitzerrekako isurketa gero ibaira doala gogorarazi dute, "Oria eta inguruak kutsatuaz!".
Mezuarekin batera, albiste honi atxikitako argazkia zabaldu dute eta bertan ikus dezakezue isurketak utzitako arrastoa.
Ezaguna izango zaizue inguru hau. Izan ere, duela bi urte, 2022ko uztailaz geroztik aipatu erreka apartsu eta gorritsu egotea eragin zuen beste isurketa batek. Bi urte lehenago, 2020ko maiatzean ehunka arrain eta aingira hil zituen amonio isurketa izan zen Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara.