Paris 2024

Bigarren diploma Nahia Zudaire Borrezorentzat

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 5a, 09:55

Asteazken honetako bigarren neurketan ere finalerako sailkatu eta diploma eskuratu du Nahia Zudaire Borrezo Zubietako igerilariak Parisko Paralinpiar Jokoetan.

Bigarrenez finalerako sailkatu eta bigarrenez munduko onenen arten sailkatu da Nahia Zudaire Borrezo. Gogoan izan, Zubietako igerilaria Parisko Paralinpiar Jokoetan lehiatzen ari da egunotan. Estreinako neurketa iragan igandean, irailaren 1ean izan zuen. Orduko hartan, seigarren postuan sailkatu eta igande arratsaldean bertan jokatutako finalerako sailkatu zen. Finalean, zortzigarren sailkatu zen. Emaitza horri esker, joko hauetako lehenengo diploma jaso zuen Zubietako kirolariak. 

Asteazken honetan, irailaren 4an zuen bigarren hitzordua Zudairek Parisen, estilo libreko 400 metroko proba hain zuzen. Kasu honetan ere, finalerako sailkatu eta zazpigarren postua eskuratu zuen Zubietakoak. BAT Basque Team-etik berri eman duten moduan, "Zubietako kirolaria oso pozik geratu da finalean denboraldiko markarik onena lortu duelako. 5:05.46 denborarekin zazpigarrena izan da. Zorionak!". 

Protagonistak berak adierazi duenez, "marka honekin iaz bigarren geratu nintzen munduko txapelketan. Adibide bat da maila igo izanarena eta igeriketarentzat aurrerapauso bat dela uste dut".

Atseden hartzeko denborarik gabe, ostegun honetan, irailaren 5ean izango du hurrengo neurketa:

Irailak 5, osteguna:
9:30 Bular erako 100 metroko SB7 sailkapena.
17:30 Bular erako 100 metroko SB7 finala.

Irailak 7, larunbata:
11:40 Errelebu mistoa 4x100 metro estilo librea 34 puntu-sailkapenak.
20:27 Errelebu mistoa 4x100 metro estilo librea 34 puntu-finala.