Paris 2024

Podiumera igotzear Nahia Zudaire Borrezo

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 6a, 11:20

Laugarren postuan sailkatu da Zubietako igerilaria Parisko Paralinpiar Jokoetako bere azken orduotako proban.

Postuz igotzen joan da azken egunotan. Irailaren 1eko bere estreinako neurketan zortzigarren postuan sailkatu zen, asteazkeneko bere bigarren proban zazpigarrenean, seigarrenean 4x50 metroko errelebo mistoan eta ostegun honetakoan, podiumera igotzear egon da. Izan ere, laugarren amaitu du Nahia Zudaire Borrezo Zubietako igerilariak Parisko Paralinpiar Jokoetako azken orduotako igeriketa proban. Bular estiloko 100 metroko proban izan da, 1:33.48 izan da bere marka, Bat Basque Team-ek jakinarazi duen moduan, "Mariia Pavlova irabazlearengandik 7.39ra. Iona Winnifrith britainiarrak eta Tess Routliffe kanadarrak osatu dute podiuma. Zorionak!".

Larunbatean, irailaren 7an izango du azken proba Zudairek Parisen. Izan ere 4x100 metro estilo libreko errelebu mistoko proban parte hartuko du Zubietako igerilariak. Gogoan izan, igandean, irailaren 8an, amaituko dira aurtengoz, iragan abuztuaren 28an hasitako Parisko Paralinpiar Jokoak.

Nahia Zudaireren emaitzak
-Estiloetako 200 metroko proban: zortzigarren postua.
-Estilo libreko 400 metroko proban: zazpigarren postua.
-4x50 metroko errelebo mistoko proban: seigarren postua.
-Bular erako 100 metroko proban: laugarren postua.