Garaipenarekin ekin dio Zubietak 61. Enrike Abril errebote txapelketari

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 9a, 10:03

Asteburuan jokaturiko estreinako neurketa irabazi du Zubietak.

Asteburuan abiarazi dute 61. Enrike Abril errebote txapelketa. Lehen jardunaldiko estreinako neurketa jokatu zen larunbatean Oiartzunen, iragan astearen amaierako partida bakarra. Aurrez aurre lehiatu ziren etxekoak, Txost taldekoak eta Zubieta. Neurketa Zubietak irabazi zuen; 9-13 izan zen azken emaitza.

Garaipenarekin ekin diote, beraz, zubietarrek aurtengo Enrike Abril errebote txapelketari. Asteburu honetan jokatuko da, lehen jardunaldiko bigarren eta azken neurketa Villabonan, Kapito Harri eta Luzean taldeen artean.

Zubietak hilaren 29an jokatuko du hurrengo neurketa, etxean, Zubietako errebote plazan, Luzean taldearen aurka.

Bost jardunaldi
Oiartzun, Villabona eta Zubietako plazetan jokatuko dira txapelketa honetako partidak. Zubietan, esaterako, hirugarren jardunaldira arte, irailaren 29ra arte ez da neurketarik jokatuko bertan, aipatu federazioaren egutegiaren arabera.

Jardunaldiotako hitzorduen berri duzue segidan, ez dira behin betikoak. Ordutegi aldetik, aldaketak egon daitezkeela ohartarazi dute. 

Bost jardunaldiz eta hamar neurketez osaturiko errebote txapelketa honen lehen fasea irailaren 15etik urriaren 13ra arte luzatuko dela aurreikusia dute. Aldaketarik ez bada, segidan jokatuko dira azken faseari lotutako partidak.

Zubietak ordezkaritza propioa izango du lehia honetan, aurreko edizioen antzera. Kanboarrak, Txost, Kapito Harri eta Luzean izango ditu aurkari.

61. Enrike Abril errebote txapelketa
Lehen fasea, behin behineko egutegia
1. jardunaldia
Atsedena: Kanboarrak.
Irailak 7, 10:30 Oiartzungo plazan: Txost 9-13 Zubieta.
Irailak 15, 10:30 Villabonako plazan: Kapito Harri-Luzean.

2. jardunaldia
Atsedena: Zubieta.
Irailak 29, 10:30 Villabonako plazan: Kanboarrak-Kapito Harri.
Urriak 13, 10:30 Villabonako plazan: Luzean-Txost.

3. jardunaldia
Atsedena: Kapito Harri.
Irailak 22, 10:30 Oiartzungo plazan: Txost-Kanboarrak.
Irailak 29, 10:30 Zubietako plazan: Zubieta-Luzean.

4. jardunaldia
Atsedena: Luzean.
Urriak 6, 10:30 Oiartzungo plazan: Kapito Harri-Txost.
Urriak 13, 10:30 Zubietako plazan: Kanboarrak-Zubieta.

5. jardunaldia
Atsedena: Txost.
Irailak 22, 10:30 Zubietako plazan: Zubieta-Kapito Harri.
Urriak 6, 10:30 Villabonako plazan: Luzean-Kanboarrak.