Podiumetik oso hurbil, lehen postuetan sailkatu da proba guztietan. Modu horretan, hasi bezalaxe amaitu ditu Parisko Paralinpiar Jokoak Nahia Zudaire Borrezok. Zubietako igerilaria munduko onenekin lehiatu eta onenen artean sailkatu da abuztuaren 28an hasi eta igande honetan amaitutako txapelketetan.
Azkeneko hitzordua, larunbatean, hilaren 7an izan zuen Zudairek. Iñigo Lllopisekin batera 4x100 metroko proba izan zuen duela bi egun eta zazpigarren postuan sailkatu ziren, Bat Basque Team-etik nabarmendu duten moduan. "Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilariak emaitza onekin itzuliko dira Frantziako hiriburuan jokatzen ari diren hitzordu handitik. Orain arte lortutako domina eta diplomei beste bat gehitu behar zaie, gaur arratsaldean zazpigarren postuan bukatu baitute estilo libreko 4x100 metroko errelebo proba. Zorionak!", adierazi diete sare sozialen bidez.
Azken probaren ondotik Bat Basque Team-ekoei eginiko adierazpenetan Zubietako kirolaria pozarren agertu zen. "Oso pozik. Esperientzia bizitzea eta giro honekin igeri egitea pasada bat da. Orain ikusiko dugu denbora baina orokorrean lan txukuna egin dugula uste dut", adierazi zuen.
Parisko hitzordu honen ondotik, lau urteko ziklo berriari ekingo diote. Izan ere, 2028an Los Angelesen (AEB) jokatuko dira hurrengo olinpiar jokoak.
Podiumera igotzear
Aurreko probetan, postuz igotzen joan zen. Irailaren 1eko bere estreinako neurketan zortzigarren postuan sailkatu zen, asteazkeneko bere bigarren proban zazpigarrenean, seigarrenean 4x50 metroko errelebo mistoan eta ostegunekoan, podiumera igotzear izan zen. Izan ere, laugarren amaitu zuen Nahia Zudaire Borrezo Zubietako igerilariak Parisko Paralinpiar Jokoetako bular estiloko 100 metroko proba. 1:33.48 izan zen bere marka, Bat Basque Team-ek jakinarazi moduan, "Mariia Pavlova irabazlearengandik 7.39ra. Iona Winnifrith britainiarrak eta Tess Routliffe kanadarrak osatu dute podiuma. Zorionak!".
Nahia Zudaireren emaitzak
-Estiloetako 200 metroko proban: zortzigarren postua.
-Estilo libreko 400 metroko proban: zazpigarren postua.
-4x50 metroko errelebo mistoko proban: seigarren postua.
-Bular erako 100 metroko proban: laugarren postua.
-4x100 metroko errelebu proba: zazpigarren postua.