Bi herrikide, abiatzear den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 13a, 13:22

Uxue Fernandez Lasa eta Asier Azpiroz Iztueta lehiakide izango ditu asteburu honetan bertan abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak.


"Iritsi da", antolatzaileek iragarri duten moduan. Hastera doa Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Asteburu honetan bertan jokatuko dira final-zortzirenetako lehenengo bi saioak, larunbatean Urretxun eta igandean, Usurbilek mugakide duen Lasarte-Orian.

Gogoan izan, bi herrikide sailkatuak daude lehia honetarako; batetik, udaberriko Gipuzkoa Bertsotan fasean sailkaturiko Uxue Fernandez Lasa. Sortzez Urretxukoa, azken urteotan Usurbil duena bizileku. Berarekin batera, aurreko ediziotik zuzenean final-zortziren hauetarako sailkatua zegoen Asier Azpiroz Iztueta zubietarra. Biak ala biak lehiatuko dira txapelketa honetan.

Uxuek Elgoibarren izango du fase honetako saioa, irailaren 22an, arratsaldeko 17:00etan, udalerri horretako Herriko Antzokian. Astebete geroago Azpeitian lehiatuko da Asier, urriaren 5ean arratsaldeko 17:00etan Soreasu antzokian. Saio hauetako irabazleak zuzenean final-laurdenetarako sailkatuko dira. "Gainontzekoek puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera", antolatzaileen esanetan.

Gogoan izan, 50 urte bete dituztela bertso-eskolek. Hain zuzen, urtemuga hau omenduko du hastear den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Final-zortzirenak
Lehiakideak: 42 bertsolari.
Saioak: zazpi.
Saioen egutegia: irailaren 14an Urretxun, irailaren 15ean Lasarte-Orian, irailaren 21ean Lazkaon, irailaren 22an Elgoibarren, irailaren 28an Hondarribian, irailaren 29an Andoainen eta urriaren 5ean Azpeitian.
Epaileen taldea: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Jon Diaz de Mendibil eta Zigor Leunda Eizmendi.
Idazkaria: Aratz Irazustabarrena Garmendia.
Egin beharreko ariketak:
-Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso.
-Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
-Ganbara bi gairekin: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
-Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
-Binaka, gaia emanda, lauko handian seina kopla.

Herrikideen parte hartzea:
Irailak 22, igandea
Ordua: 17:00.
Tokia: Elgoibarko Herriko Antzokia.
Parte hartzaileak: Eli Pagola Apezetxea, Eneko Araiztegi Agirre, Iñaki Apalategi Astigarraga, Libe Goenaga Arrieta, Unai Izagirre Etxeberria eta Uxue Fernandez Lasa.

Urriak 5, igandea
Ordua: 17:00.
Tokia Azpeitiko Soreasu Antzokia.
Parte hartzaileak: Aitor Tatiegi Loidi, Asier Azpiroz Iztueta, German Urteaga Garmendia, Haizea Arana Cardenal, Maialen Akizu Bidegain eta Maider Arregi Markuleta.

Sarrerak: bertsosarrerak.eus atarian salgai.
Antolatzailea: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.