61. Enrike Abril

Zubietarren errebote partida etxean igandean

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 20a, 08:34

Garaipenarekin ekindako txapelketa honen bigarren neurketa etxean jokatuko du Zubietak igande honetan, irailaren 22an.

Duela bi asteburu hasitako 61. Enrike Abril errebote txapelketa Zubietara ere badator. Orain arteko neurketak Oiartzunen edota Villabonan jokatu ostean, asteburuko partidetako bat Alamandegi pareko errebote plazan izango da. Etxekoak lehiatuko dira, gainera, bertan. Zubietako errebote plazan lehiatuko da bertako taldea iraliaren 22an Kapito Harri taldearekin.

Gogoan izan, hilaren 7an jokatu zuen txapelketa honen baitako estreinako partida Oiartzunen. Aurrez aurre lehiatu ziren etxekoak, Txost taldekoak eta Zubieta. Neurketa Zubietak irabazi zuen; 9-13 izan zen azken emaitza.

Garaipenarekin ekin diote, beraz, zubietarrek aurtengo Enrike Abril errebote txapelketari. Iragan asteburuan jokatu zuen, bestalde, Kapito Harri taldeak lehen neurketa Villabonan. 1-13 galdu zuten Luzean taldekoen aurkako partida. 


Bost jardunaldi
Oiartzun, Villabona eta Zubietako plazetan jokatuko dira txapelketa honetako partidak. 

Jardunaldiotako hitzorduen berri duzue segidan, ez dira behin betikoak. Ordutegi aldetik, aldaketak egon daitezkeela ohartarazi dute. 

Bost jardunaldiz eta hamar neurketez osaturiko errebote txapelketa honen lehen fasea irailaren 15etik urriaren 13ra arte luzatuko dela aurreikusia dute. Aldaketarik ez bada, segidan jokatuko dira azken faseari lotutako partidak.

Zubietak ordezkaritza propioa izango du lehia honetan, aurreko edizioen antzera. Kanboarrak, Txost, Kapito Harri eta Luzean izango ditu aurkari.

61. Enrike Abril errebote txapelketa
Lehen fasea, behin behineko egutegia
1. jardunaldia
Atsedena: Kanboarrak.
Irailak 7, 10:30 Oiartzungo plazan: Txost 9-13 Zubieta.
Irailak 15, 10:30 Villabonako plazan: Kapito Harri 1-13 Luzean.

2. jardunaldia
Atsedena: Zubieta.
Irailak 29, 10:30 Villabonako plazan: Kanboarrak-Kapito Harri.
Urriak 13, 10:30 Villabonako plazan: Luzean-Txost.

3. jardunaldia
Atsedena: Kapito Harri.
Irailak 22, 10:30 Oiartzungo plazan: Txost-Kanboarrak.
Irailak 29, 10:30 Zubietako plazan: Zubieta-Luzean.

4. jardunaldia
Atsedena: Luzean.
Urriak 6, 10:30 Oiartzungo plazan: Kapito Harri-Txost.
Urriak 13, 10:30 Zubietako plazan: Kanboarrak-Zubieta.

5. jardunaldia
Atsedena: Txost.
Irailak 22, 10:30 Zubietako plazan: Zubieta-Kapito Harri.
Urriak 6, 10:30 Villabonako plazan: Luzean-Kanboarrak.