Fasez aldatzear da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Izan ere, larunbatean, urriaren 5ean jokatuko da lehiaketa honen final-zortzirenetako azken saioa Azpeitiko Soreasun. Bertan parte hartuko du, aurreko ediziotik zuzenean fase honetarako sailkatua zen Asier Azpiroz Iztueta zubietarrak. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da saioa.
Saio hauetako irabazleak zuzenean final-laurdenetarako sailkatuko dira. "Gainontzekoek puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera", antolatzaileen esanetan.
Bigarren herrikidea
Iraila erdialdeaz geroztik abian da abendura arte luzatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Bi herrikide daude lehiakideen artean: Uxue Fernandez Lasa eta Asier Azpiroz Iztueta. Gogoan izan, udaberriko Gipuzkoa Bertsotan fasean final-zortzirenetarako sailkatu zen sortzez Urretxukoa, azken urteotan Usurbil duena bizileku. Duela bi asteburu izan zuen final-zortzirenetako saioa Elgoibarren. Lehiakide izan zituen Eli Pagola Apezetxea, Eneko Araiztegi Agirre, Iñaki Apalategi Astigarraga, Libe Goenaga Arrieta eta Unai Izagirre Etxeberria. Honatx saioko sailkapena:
Eli Pagola Apezetxea..................................487,5
Eneko Araiztegi Agirre................................454,5
Iñaki Apalategi Astigarraga.......................451,5
Unai Izagirre Etxeberria.............................446
Libe Goenaga Arrieta.................................436
Uxue Fernandez Lasa................................430
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Final-zortzirenak
Lehiakideak: 42 bertsolari.
Saioak: zazpi.
Saioen egutegia: irailaren 14an Urretxun, irailaren 15ean Lasarte-Orian, irailaren 21ean Lazkaon, irailaren 22an Elgoibarren, irailaren 28an Hondarribian, irailaren 29an Andoainen eta urriaren 5ean Azpeitian.
Epaileen taldea: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Jon Diaz de Mendibil eta Zigor Leunda Eizmendi.
Idazkaria: Aratz Irazustabarrena Garmendia.
Egin beharreko ariketak:
-Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso.
-Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
-Ganbara bi gairekin: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
-Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
-Binaka, gaia emanda, lauko handian seina kopla.
Herrikideen parte hartzea:
Urriak 5, larunbata
Ordua: 17:00.
Tokia Azpeitiko Soreasu Antzokia.
Parte hartzaileak: Aitor Tatiegi Loidi, Asier Azpiroz Iztueta, German Urteaga Garmendia, Haizea Arana Cardenal, Maialen Akizu Bidegain eta Maider Arregi Markuleta.
Sarrerak: bertsosarrerak.eus atarian salgai.
Antolatzailea: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.