Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Asier Azpiroz Iztueta, final laurdenetarako sailkatua

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 7a, 12:16

Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.

Zubietarra Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetarako sailkatu da asteburuan Azpeitian jokatutako saioan.

Larunbatean jokatu zen Azpeitian, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenen azken saioa. Bertan parte hartu zuen Asier Azpiroz Iztueta zubietarrak. Txapeldunarekin, Maider Arregi Markuletarekin berdinduta amaitu zuen hitzordua; 489,5 punturekin. Emaitza horrekin final laurdenetara sailkatzea lortu du zubietarrak. Hona hemen, urriaren 5ean Azpeitiko Soreasun jokaturiko saioko sailkapena:
Maider Arregi Markuleta -------------------- 489,5
Asier Azpiroz Iztueta  ----------------------- 489,5  
Haizea Arana Cardenal --------------------- 484,5
Aitor Tatiegi Loidi --------------------------- 469,5
Maialen Akizu Bidegain --------------------- 457,5
German Urteaga Garmendia --------------- 423,5

Gogoan izan; 42 bertsolari lehiatu dira amaitu berri den fasean, final-zortzirenetan. Haietatik 24 sailkatu dira final laurdenetarako; zazpi zuzenean, asteotako saioetako irabazleak izan direnak hain zuzen. Gainerako hamazazpiak puntuen baitan; tartean, aipatu moduan, Azpiroz bera. Haiei guztiei 2019ko edizioko txapelketan sailkatutakoak batuko zaizkie hurrengo fasean. Segidan duzue Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetara sailkaturiko lehiakideen multzoa:

Final zortzirenetako saioak irabazi dituztenak
Andoni Rekondo, Amaia Iturrioz, Oihana Cardenal, Eli Pagola, Eneritz Artetxe, Aitor Salegi eta Maider Arregi.

Final zortzirenetan puntuen baitan nagusitu direnak
Unai Mendizabal, Asier Azpirotz, Haizea Arana, Aratz Igartzabal, Iñigo Gorostarzu, Aner Euzkitze, Aitor Tatiegi, Oier Etxeberria, Manu Goiogana, Unai Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Maialen Akizu Iñigo Mantzizidor, Eneko Araiztegi, Beñat Iguaran, Jon Gurrutxaga eta Iñaki Apalategi.

2019ko txapelketatik sailkatutakoak
Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran.

Balantze gozoa
"Bost urteren ondoren, bertsozaleak oso bero hartu du Gipuzkoako Txapelketa. Aretoen itxurak eta publiko kopuruak garbi erakusten dute hori", adierazi dute Gipuzkoako Bertsozale Elkartetik. Txapelketaren orain arteko bideaz balantze gozoa plazaratu dute. "Areto guztiak bete dira eta 2.500 lagunetik ondo gora bildu dira zazpi saioetan. Gaur Azpeitian 500 lagunetik gora bildu dira, herrialde bateko txapelketako final-zortzirenetan".

Lehiakideei dagokienean, hainbat datu nabarmendu nahi izan dituzte. "Zazpi kanporaketatik bost emakumezko bertsolariek irabazi dituzte: Oihana Aranak, Amaia Iturriozek, Eli Pagolak, Eneritz Artetxek eta Maider Arregik. Zazpitik bitan, belaunaldi berriko bertsolariak gailendu dira: Andoni Rekondo eta Oihana Arana". Horrekin batera, "hogeita bost urtez beherako 10 bertsolari zeuden fase honetan eta bostek egin dute aurrera: Oihana Aranak, Andoni Rekondok, Haizea Aranak, Aitor Tatiegik eta Aner Euzkitzek. Puntuz eta postuz, atean gelditu dira belaunaldi bereko beste hiru bertsolari gazte: Andoni Mujika, June Aiestaran eta Maddi Aiestaran".

Azpiroz Azkoitian
Amaitu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenak; final laurdenetara igaroko da lehiaketa. "2019ko Gipuzkoako finalistak sartuko dira txapelketan. 2019ko zortzi finalistetatik seik hartu dute parte aurtengoan. Hor izango dira, sailkatu ziren hurrenkeran, Beñat Gaztelumendi (Errenterian), Agin Laburu (Eibarren), Alaia Martin (Eibarren), Nerea Elustondo (Tolosan), Oihana Iguaran (Irunen) eta Ane Labaka (Azkoitian)".

Azpeitian izan du final-zortzirenetako saioa Asier Azpiroz Iztuetak. Zubietarrari, Azpeitiak mugakide duen herrian egokitu zaio final-laurdenetako saioa, Azkoitian. Urriaren 26an izango da, arratsaldeko 17:00etan Baztartxo antzokian. Eibarren, Errenterian, Irunen eta Tolosan jokatuko dira final-laurdenetako gainerako saioak. Fase hau urriaren 19tik azaroaren 3ra jokatuko da. Finalaurrekoak azaroaren 17tik abenduaren 1era Oiartzunen, Zarautzen eta Arrasaten. Final nagusia, abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Ilunben. Saio hauetarako guztietarako txartelak bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahalko dituzue.