Aisialdia euskalduntzea, eremu honetan ere euskararen erabilera areagotzea. Helburu horrekin dihardu lanean Hezten aisialdi hezitzaile euskaltzalean eragiten diharduen elkarteak. Eskaintzen dituen zerbitzu eta sustaturiko egitasmoen artean, bada bat Donostiako Udalaren eskutik Zubietan astearteotan egingo dena; "Parketarrak" izeneko ekimena.
"Haurren hezkuntza ohituretan eragitea da egitasmo honen helburu nagusia. Helburu hori lortzeko, jolasa da gure oinarrizko bidea. Euskarazko jolasen transmisio zuzena herrietako edo auzoetako parke zein plazetan egiten dugu, jolaserako diren eremu baitira. Bertaratzen diren haurren adinaren arabera, bi talde osatzen dira, honela, txikienekin jolasak familia giroan eginez eta handienekin, berriz, lagunartean. Ondo pasatu eta modu horretan haurrek euskarazko jolasak eta bitartekoak jasotzen dituzte modu ez kontzientzean eta eraginkorrean".
"Zabu Zabu" Zubietan
Adinaren arabera, bi multzotan sailkatzen dituzte partaideak. Batetik, "Zabu Zabu" izeneko taldeak osatzen dituzte, 3-5 urte arteko haurrei eta haien zaintzaileei zuzendua. "Jolasak egiten ditugu, hizkuntza transmisioa familian eta aisialdian uztartuz", Hezten-eko bi hezitzailerekin.
"Txirrintxon" da egitasmo honen baitan osatzen duten beste taldea; 6-9 urte arteko haurrei eta haien zaintzaileei zuzendua dago. Kasu honetan, Hezten-eko bi hezitzailerekin "jolasak egiten ditugu. Zabu-Zibun ez bezala, gurasoek ez dute parte hartzen".
Gipuzkoako hainbat udalerrietan bideratzen ari dira egitasmo hau; Zubietara, Donostiako Udalaren eskutik heldu da. Gipuzkoako hiriburuko udaletxeak bere mugen baitan dauden auzoetako 22 jolasguneetan antolatu du egitasmo hau. Ikasturte honetan, udazkenean, neguan eta udaberrian egingo da.
Udazkenari dagokionean, Zubietan, urriaren 8an, 15ean eta 22an egingo da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Kasu honetan, "Zabu Zabu" ekimena egingo dute, hau da, 3-5 urte artekoei zuzendurikoa izango da eskaintza.