Zubietako erraustegiak sortu eta Nafarroako Artaxoan kokaturiko Ecofert izeneko konpostatze plantara bidalitako lixibiatuak "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren ezohiko egoera baten ondorioz" sortu ziren eta, horregatik, ingurumen baimen bateratuan "ezarritako baldintzak bete beharko ditu".
Hala erantzun zuen iragan ostiralean, urriaren 11n Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran, 2024-28 legealdi berri honetako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi Letamendiak EHBilduren legebiltzarkide Mikel Oterok gai horri buruz eginiko galderari.
Nafarroara bidalitako lixibiatuez
Aipatu moduan, iragan ostiralean, urriaren 11ko Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran gertatu zen. EHBilduk aurretik erregistratua zuen Zubietako erraustegitik Nafarroara bidalitako lixibiatuei buruzko galdera. Hala zioen koalizioak, Jaurlaritzako sailburuari zuzendutako itaunak.
EHBilduk lehenbizi galdera honen testuingurua azaldu zuen. "Zubietako erraustegiak hainbat arazo izan ditu martxan jarri zenetik, izan suteak, izan Arkaitzerreka kutsatzea, izan sortu behar ez ziren lixibiatuen sorrera". Azken hondakin hauei erreparatu nahi izan zien EHBilduk. "Lixibiatu hauen zati esanguratsu bat Nafarroara bidali ziren, bertan arazo nagusiak sortu direlarik. Nafar gobernuak, besteak beste, Jaurlaritzari eskatu dio abia ditzala gertakari hauek zigortzeko ekimenak".
Gaia kokatuta, hona hemen EHBilduk Jaurlaritzaren sailburuari zuzenduriko galderaren nondik norakoak. "Hori horrela, indarrean dagoen Erregelamenduaren babesean, ondorengo kontroleko osoko bilkuran ahoz erantzuteko galdera egiten diogu Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailburuari: Ze iritzi du Sailburuak Zubietako erraustegitik Nafarroara joan ziren lixibiatuen inguruan?".
"Lixibiatuen kasuak asko du kontrol eskasetik"
Bere planteamendua sakontzeko aukera izan zuen EHBilduren bozeramaileorde Mikel Oterok kontroleko osoko bilkuraren egunean, urriaren 11n.
Eusko Jaurlaritzako sailburuari gogorarazi zionez, "duela hilabete zure legealdiko asmoak azaltzera etorri zinenean, ohartarazpen bat egin genizun. Zuk aurrera begiratu nahi duzu normala den bezala, baina ingurumen arloan atzera ere begiratu behar da herentzia konplikatuak daudelako; kutsadura historikoak, lindanoa, amiantoa, edo besteak beste, aurreko gobernuaren partetik ez nahikoa, eskasa izan den kontrol jardun bat. Eta Nafarroara modu irregularrean bidalitako lixibiatuen kasuak asko du hortik, kontrol eskasetik", adierazi zioten iragan asteko kontroleko osoko bilkuran EHBildutik Jauregi sailburuari.
Gai honi buruz eztabaidatu beharrik ez zela izango zioen, "erraustegiak ezarritako baldintzak bete eta legeak aplikatu izan balitu". Izan ere, hori hala izan balitz, "ez ginateke arituko Nafarroara lixibiatuak bidaltzeaz eta han arazo potolo bat sortzearen inguruan".
Ez sortzeko ezta garraiatzeko baimenik ere
Arau hauste bikoitzaz ohartarazi zuen Oterok. "Kontua ez da soilik, ezin zirela Nafarroara bidali, lixibiatuak sortzeko ere ez zuela baimenik erraustegiak". Horren haritik, sailburuari zuzenduta adierazi zionez, "Nafarroako Gobernuak eskatu dizu sortzaileari, hau da, Zubietako erraustegiari zigorra jartzea. Baina zuk diozu erantzun parlamentarioetan ez dagoela lixibiatu hondakin horiek sortzerakoan arau-hausterik".
Horregatik, EHBildutik nabarmendu zutenez, "honek erantzun beharreko galderak uzten ditu Jauregi jauna. Zu esaten ari zara erraustegiak lixibiatuak sortzeko baimena duela? Ze guk ingurumen baimen bateratua eskuan, ezetz esaten dugu. Baina bigarren galdera bat sortzen da, hau da, sortzerakoan arau-hausteak egon edo ez egon, esan dezakezu Nafarroara lixibiatuak bidaltzerakoan ez dela egon arau-hausterik? Ze iritzi duzu zuk honekiko?", galdetu zioten EHBildutik Jauregi sailburuari.
"Ez dago inolako arau-hausterik"
Erantzuteko lehenengo tartean, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak ukatu ezin zuen gai honetan arau-hausterik egon zenik. "Nafarroako Gobernuak bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak aurtengo uztailaren 29an jakinarazitakoa berretsi du gaur. Bidalitako informazioa aztertu ondoren, hau da Nafarroako Gobernuak bidalitako informazioa aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren ustez, hondakinaren ekoizpenean ez dago inolako arau-hausterik, ez da identifikatu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) baimeneko betebeharrik hautsi denik".
Jauregi sailburuak gaineratu zuenez, gai honi buruzko xehetasunak emanak ditu. "Informazio eskari eta idatzitako galdera ezberdinak formulatu eta erantzun dira dagoeneko". Halere, Nafarroako Gobernuarekin biltzeko asmoa agertu zuen. "Bi administrazio ezberdinen lankidetzaren baitan, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren baitan, zuzentzen dudan saila prest agertu dela bilera bat egiteko informazio gehiago emateko edo edozein gai argitzeko Nafarroako Gobernuak beharrezkotzat jotzen badu. Momentuz, ez dugu erantzunik jaso".
"Kontrolaren ardura zuena da"
Adierazpen hauen ostean, bigarren aldiz hitza hartzeko aukera izan zuen EHBilduren ordezkari Mikel Oterok, erraustegiak ezin dituela lixibiatuak sortu eta are gutxiago, konpostatze planta batera garraiatu. Aurrez galdetutakoa berriz oroitarazi nahi izan zion sailburuari. "Sortzerakoan ez zegoela arazorik esan duzu. Nik galdetu dizut ea sortzerakoan eta ea bidaltzerakoan, ze hemen kontua da, bidali zirela eta bidali aurretik egiaztatu behar zen arriskutsuak ziren edo ez eta hau ez zen egin behar bezala. Eta hondakin arriskutsuak baziren, Jaurlaritzak Nafarroako Gobernuari abisua pasa behar zion eta ez zion pasa", baieztatu zuen.
Gaineratu zuenez, ordea, "kontua oraindik are sinpleagoa da. Hondakinak arriskutsuak edo arriskugabeak izan, erraustegiko instalazioetatik lixibiatuak ezin ziren inoiz joan, ongarria sortzen duten planta batera, legeak hala dioelako, Europako ongarrien erregelamenduak argi uzten duelako ezin direla hondakin ez solidoak, ez likidoak, ez gaseosoak eraman ongarri planta batera, ingurumen eta osasun arrazoiak medio". Horren aurrean, Oteroren esanetan, "hori da arrazoi osoz Nafarroako Gobernuak esaten duena. Hondakin horiek ezin zirela inolaz joan Nafarroara eta horren kontrolaren ardura zuena da", aurpegiratu zion.
"Dakigun arte Bizkaira bidaltzen jarraitzen du"
Horrez gain, "erraustegiaren likidoak zirkuitu itxi batean behar lukete. Beraz, lixibiatuak ezin dira sortu, ezin dira sortu" errepikatu zion. Sortu baziren, "matxura baten" ondorioa izan behar zuela ziurtatu zuen. "Hau, gertatzekotan kontu puntuala, kudeatu beharrekoa eta berehala konpondu beharrekoa da. Baina lixibiatuak ez dira behin sortutakoak. Bi urte egon da erraustegia lixibiatuak sortu eta hara eta hona bidaltzen", EHBildutik oroitarazi zuenez.
Eta garraiatze hau ez da eten. Izan ere, Oteroren esanetan, "dakigun arte Bizkaira bidaltzen jarraitzen du, ezeztatu ez bada horrela. Eta orain ezeztatu hau ere, ez bada horrela. Baimena eman berri diozue lixibiatu horiek botatzen jarraitzeko, hain zuzen ere Loiolako araztegira eta hortik, Zurriolatik itsasora".
Testuinguru horretan, Oterok galdetzen zuenez, "honek esan nahi du, matxura konpondu gabe dagoela eta ingurumen baimen bateratua ez dela betetzen ari". Horregatik, dagokion ardura bere gain hartzera deitu zuen Jaurlaritzako sailburua. "Zure kontrol lanak eskatzen du hori konponaraztea, ingurumen baimena betearaztea. Azken finean, egiten dizugun galdera edo eskaria da ea legea betetzeko asmorik badagoen, ea legea betearazteko asmorik ba ote dagoen. Zubietako erraustegiko arazo larri hauek konpondu gabe jarraitzen utziko duzue edo eskua sartuko duzue behingoz?".
"Ezohiko egoera baten ondorioz sortu zen"
Galdera eta adierazpen hauei erantzuteko sailburu Mikel Jauregik bigarrenez hartu zuen hitza eta kasu honetan, bai, argibide gehiago eskaini zituen, albiste honetako lerroburura eraman ditugun hitzak tartean. "Aipatutako hondakina, GHk-ren ezohiko egoera baten ondorioz sortu zen eta baimenean ezarritako baldintzak bete beharko ditu", Jauregik berri eman zuenez.
Araudiak dioena gogora ekarri zuen eta eskumenen gaia, "jakiteko nork zer egin behar duen". Lehenbizi, sailburuaren esanetan, "gogorarazi behar zaie guztiei zuzentzen dudan sailak eskumenak dituela bere jarduera EAEn garatzen duten hondakinak tratatzeko instalazioei dagokienez. Hori guztia autonomia estatutuan eta hondakinen araudiaren babespean". Zehaztu zuenez, "esparru honetan kokatzen da GHK-k duen Zubietako hondakinen balorizazio instalazioaren ingurumen baimen bateratua".
Horren baitan, "Jaurlaritzaren eskumena da GHK-k garatzen duen jarduera ingurumen araudiarekin bat datorrela baimendu, ikuskatu eta zaintzea. Hori da gure arloa. Gero, Nafarroako gobernuak ditu bere arloak, egin beharrekoak. Hauek guztiak 2022ko Hondakinen Legeak ekoizle zein kudeatzaileen betebeharrak zehazten ditu. Ondorioz, GHK-ko ingurumen baimen bateratuak baldintza horiek barneratzen ditu".
Betebehar horien artean, sailburuak zioenez, "bada bat benetan garrantzitsua, hondakinek baimendutako kudeatzaileren bati ematea. Hondakinen kudeatzaileak Nafarroako Ecofert-en kasu honetan, materiala onartu ahal izateko protokoloa bete behar du eta materiala modu egokian tratatu behar du".
"Ez da identifikatu GHK-ri dagokionez, inongo lege hausterik eta ez da identifikatu baimeneko betebeharrik hautsi denik"
Horren aurrean, "Nafarroako Gobernuak esaten digu Ecofert-en enpresaren kontratu neurri zigortzaileak abiarazi behar izan dituela, hondakina baimendu gabeko prozedura bitartez tratatu izanagatik. Nafarroako Gobernuaren jakinarazpena jaso ondoren, sailak gaia aztertu du".
Azterketa bideratu ondoren, arau-hausterik ez dela egon errepikatu zuen sailburuak. "Ez da identifikatu GHK-ri dagokionez, inongo lege hausterik eta ez da identifikatu baimeneko betebeharrik hautsi denik". Aurrera begira, zioenez, "hondakinen kudeaketaren eta ingurumenaren zaintza erronka amankomuna da eta bide horretan egingo dugu topo".
Gardentasun eta kontrol publikoaren eskaera
Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran jazotakoaren harira, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak sare sozialen bidez, "informazio gardena eta kontrol publikorako bitartekoak" exijitu ditu. Testuinguru honetan, honakoa galdetu du; "ze neurri hartuko ditu Jaurlaritzak eta GHK-k bi urtez luzatu den "ez ohiko" egoerarekin amaitzeko?".
Bideoz bideo
Hona hemen, Eusko Legebiltzarrak plazaraturiko bideoetan, EHBilduko ordezkariaren eta Eusko Jaurlaritzako sailburuaren adierazpenak:
EHBilduren bozeramaileorde Mikel Oterok hitza harturiko lehen txanda
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik hitza harturiko lehen txanda
EHBilduren bozeramaile Mikel Oterok hitza harturiko bigarren txanda
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik hitza harturiko bigarren txanda