"Nola eragingo dio Plan Orokor berriak zure auzoari?" aldarriaren bueltan abiatua du Donostiako Udalak parte-hartze prozesua. Auzoz auzo egiten ari diren saioen baitan, hiriburuko lurren parte den Zubietako zatirako duen proposamenaz jarduteko saiootako bat gaurko Kaxkapen deitu du, aipatu moduan astearte honetan, urriaren 22an, arratsaldeko 18:00-20:00 artean.
Gipuzkoako hiriburuko Udaletik aurreratu dutenez, "HAPO berriak ez du garapen berezirik proposatzen" Zubietarako. Horrez gain, "indarrean dagoen HAPOan urbanizagarri diren hainbat eremu sailkapenetik kentzea proposatzen du". Zehaztu duenez, "lur ez urbanizagarriari eta ingurune naturalari dagokion atala da".
Dagoeneko, Donostiako Udalak sarean zintzilikatua duen HAPO-ren berrikuspenerako aurrerakinak egina duen diagnosia eta hainbat proposamen zerrendatu ditu. Diagnosiari dagokionean, azterlan honek jasotzen du Zubietak duen "herri izaera mantentzeko nahia". Horrekin batera, eremu honek dituen zenbait ezaugarri nabarmentzen ditu: hala nola, Zubietako erdigunearen inguruko landa-eremuaren paisaiaren kalitatea, Eskuzaitzetako industria-poligonoa, erreferentziazkotzat jotzen dituen futbol zelaia ea hipodromoa edota Usurbilekiko eta Lasarte-Oriarekiko duen hurbiltasun fisiko eta funtzionala.
Euskarak hiriburuko lurretan duen egoera onena Zubietan duela aipatzen du, "Igeldorekin batera". Aldiz, airearen kalitateari dagokionean, honakoa aipatzen du; "ozonoari dagokionez, Zubietako estazioak ditu balio altuenak". Mugikortasunari dagokionean, Zubieta "hiri garraio publikotik deskonektatua eta hiriarteko garraio publiko nagusiko saretik urrun" dagoela ohartarazten du Planeamendu Orokorraren aurrerakinak, "kokalekuagatik" zehazten duenez.
2020ko udazkenean Usurbilgo Udalarekin eta Zubietako Herri Batzarrarekin bideratzen hasitako "Guk Zubietan zer?", etorkizuneko herria diseinatzeko parte hartze prozesuan bildutako hainbat ekarpen ere aipatzen ditu "ibaia eta espazio publikoa, mugikortasun aktiboa eta kolektiboa, nekazaritza eta basogintza, etxebizitza, ostalaritza eta merkataritza...".
Proposamenak
Aurrez eginiko diagnosi horren ondotik, Plan Orokor berriko aurrerakinean etorkizuneko Zubietarako hainbat proposamen zerrendatu dituzte; horien artean, "nekazaritzako eta abeltzaintzako lurzoruak udalerriko jarduera ekonomikoaren sistemaren parte" izanik, "lurzoru urbanizaezinaren sailkapen berria" sustatzea; "babes bereziko eremuak, ingurumena hobetzeko eremuak, baso-eremuak, nekazaritza eta abeltzaintza eremuak eta landazabala eta azaleko uren babeseko eremuak".
Horri lotuta, "balio estrategiko handiko lurzoruak eta nekazaritza-ustiapen estrategikoak" babeste aldera, lurzoru ez urbanizagarri gisa definitzea proposatzen du. Adibide gisa jarri ditu, "Aldatseta eta Lizarraga". Izan ere, "2010eko planak urbanizagarri gisa ulertzen zituen". Oraingo proposamenak ez. "Aldatsetako bizitegi-sektorea ia erabat sailkapenez kentzea proposatzen da. Sektorearen iparraldean zati txiki bat bakarrik mantentzen da. Horrela, Zubietako hiriguneari jarraipena eman ahal izateko, Donostialdeko LPPren jarraibideei jarraituz, sektore hori gauzatzea desegokitzat jotzen da, etxebizitza asko proposatu baitziren".
Oriatik eta nekazaritza zein abeltzaintzarako "balio estrategiko handiko lurzoruetako gertu" egonik, "gaur egun duen balio paisajistikoa balioestea" proposatzen du Donostiako Udalak.
Tellerialde eta Bugati
Beste bi proposamen zehatz ere planteatzen ditu. Batetik, "Tellerialdeko bizitegi-lurzorua ekipamenduetara bideratzea eta modu horretan, "Zubietako kirol-jardueren kontsolidazioa" sustatzea. Bestetik, jarduera-ekonomikoetarako eremua izatea Bugati, "egungo planak aurreikusten" duen moduan. Ildo horretan, "Merkabugatiko eremuari jarraipena eman nahi zaio eta, ahal dela, hirugarren sektoreko erabileretarako erabiliko da. N-1 errepidearekiko hurbiltasuna eta eremuaren hegoaldera lotzeko aukeraz baliatzen da".
Zubieta erdigunea, bestalde, sendotzea proposatzen da, "dauden zuzkidurak finkatzea; eremurako irisgarritasuna hobetzea eta garapen txikiko etxebizitzak eraikitzea".
Azkenik, aurrerakin honen arabera, hipodromoaren iparraldean kokaturiko Tellerialde eremua berrantolatzea proposatzen du Donostiako Udalak, "bizitegi-garapen berri bat aurreikusiz eta hipodromoko ataurrean hiri-plaza bat eratuz; Oria ibaiaren ezkerraldeko ibaiertza antolatzea tratamendu bigun baten bidez, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bati jarraikortasuna emanez eta ibaiertzeko zuhaitzen lerrokadura lehengoratzea ahalbideratuz; uholde-arriskua murrizteko neurri zehatzak hartzea".
Aurrerakin honi buruzko xehetasun gehiago dokumentu honetan eskura ditzakezue; donostia.eus atarian klikatuta.