Zubietan jarria du hitzordua ostegun honetan, azaroaren 7an, udal gobernu taldeak, 2025eko udal aurrekontu proposamena aurkezteko. Arratsaldeko 18:00etan Kaxkapen izango da. Herritar eta eragileen ekarpenak biltzeaz gain, tokiko gai bati ere helduko diote hitzordu horretan; bidegorri proiektuari hain zuzen.
Izan ere, iragan urriaren 29an hasi zen udal gobernu taldeak diseinatua duen 2025eko udal aurrekontu proposamena aurkezten, herritar nahiz eragileen ekarpenak biltzen edota tokian tokiko gaiak aztertzen. Aginagan, Kalezarren, Santuenean eta Munalurran egin zituzten lehen saioak iragan astean zehar. Aste honetan, Atxegaldeko eta Txokoaldeko bizilagunekin ere bildu dira. Besteak beste, Kalezarren Belmonte kaleko trafikoa izan zuten hizpide, Aginagan, Eliza Zaharra, alagunea eta semaforoak, Santuenean auzoko sarreraren berrantolaketa eta autobus geltokia, Txokoalden Altzonazko zubiko konponketa lanak edota Etxealdikoekin eginiko bilkuran auzoko igogailua eta irisgarritasun proiektua.
Guztira, bederatzi aurkezpen saio antolatu ditu azaroaren 12ra bitartean Usurbilgo herri eta auzoetan. Erronda honen ondoren, eta aldaketarik ez bada, udal aurrekontuak hasieraz onartuko dira azaroko osoko bilkuran. Hala, abenduan jendaurrean izan, eta 2025 hasieran martxan egoteko moduan egon daitezen. Herri-auzoetako bilerekin batera, oposizioko alderdiek ere tartea izango dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko.
2025eko udal aurrekontuen aurkezpenak
Azaroak 7, osteguna
18:00 Zubietako bilera Kaxkapen. Gaia: bidegorriaren proiektua.
Azaroak 12, asteartea
18:00 Herri erdiguneko bilera Potxoenean.
Deitzailea: udal gobernu taldea.