Bera Bera eta Miriam Arrillaga Beloki, Urrezko Danborra jasotzeko hautagaien artean

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 23a, 09:07

2025eko Urrezko Danborra jasotzeko 98 hautagaien zerrenda kaleratu du Donostiako Udalak. Zerrenda horretan dira Bera Bera emakumezkoen eskubaloi taldea eta Miriam Arrillaga Beloki pilotaria.

Donostiarren urteko jaiegun nagusian, urtarrilaren 20an banatu ohi dute Urrezko Danborra. "Pertsona fisikoei edo juridikoei ematen zaie, haien eguneroko lana, ibilbide eta ospe profesionala, edo beste alderdiren bat saritzeko, aktiboki eta nabarmen lagundu dutelako hiriaren kanpo-irudi positibo eta erakargarri bat finkatzen, eta, horri esker, hiriaren ahalmen turistikoa handitu delako, hiria ezagutzea ahalbidetu delako, haren kanpo-proiekzioa indartu delako, eta beste herrialde, hiri, erakunde eta pertsona batzuekiko ezagutza- eta laguntasun-loturak bultzatu direlako".

Datorrena, 2025eko Donostia Egunean, urtarrilaren 20an emango du Gipuzkoako hiriburuko udalak. Sari horri begirako prestaketa lanak abiarazi ditu aipatu udaletxeak. Urriaren 28tik azaroaren 10era proposa zitzaketen hautagaiak Donostian erroldaturiko pertsona fisiko, elkarte edota enpresek.

Gerora, asteotan jasotako 380 proposamenak aztertzen izan da udaleko Idazkaritza Orokorra eta Herri Partaidetza Zerbitzua. 42 baztertu dituzte, "proposatutako hautagaiek izaera juridikorik ez dutelako, sariaren xedearekin bat ez datozelako edo proposamenaren tonu desegokiagatik eta "besteak taldekatu dira".

Hurrengo urratsak
Hautagaitzak aztertuta, hautaturiko zerrenda kaleratu du hiriburuko Udalak. 98 dira 2025eko Urrezko Danborra jasotzeko hautagaiak. Haien artean da, Miriam Arrillaga Beloki pilotaria. Hainbat txapelketan lehiatu eta irabazitakoa da. Bertako nahiz nazioarteko lehiaketetan aritu izan da.

Berarekin Bera Bera emakumezkoen eskubaloia hautagaien artean baita. Gogoan izan, jokalarien artean da Esther Arrojeria eta taldeko entrenatzaileen artean da Jon Begiristain. Besteak beste, bederatzi aldiz irabazi dute liga. Aurreko denboraldian, Superkopa eta Kopa ere bai.

98 hautagaien zerrendan dira haiek denak, mediku, kirolari, kazetari, sukaldari, enpresari, dendari, ikerlari, musikari, aktore, idazle edota elkarte gehiagorekin batera.

Orain, "Bozeramaileen Batzordeak gehienez hiru hautagai aukeratu beharko ditu herri-bozketa egiteko edo, adostasun handia badago, sariduna izendatuko du" zuzenean. Erabakia datorren astean jakinaraziko du. Bestela, aipatu moduan, herritarrek erabakiko dute 2025eko Urrezko Danborra nori eman, abenduaren 9tik 15erako astean. Urtea amaitu baino lehen jakinaraziko da nor izango den saritua.

Momentuz, hautagaien zerrenda osoa hemen kontsulta daiteke: donostia.eus