Udako etenaldiaren ostean, duela hiru hilabete berrabiarazitako astearteroko ibilaldi osasuntsuen dinamikari lotutako urteko azken hitzordua izango da aste honetakoa, abenduaren 17koa. Zubietan egingo da, ohi bezala, 10:30-12:00 artean. Bertako frontoian hasi eta amaituko da herritar orok parte har dezakeen ibilaldi osasuntsua.
Txandakatuz, zonalde ezberdinetan egiten dituzte ibilaldi hauek asteartero; Usurbilen, Santuenean, Aginagan eta Zubietan. Beti, tokian tokiko frontoian hasi eta amaitzen dira. Paseo bakoitzaren bukaeran, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek sukaldaturiko hamaiketako ederra dastatzeko aukera izaten dute parte hartzaileek.
Elkar zaintza eta komunitatea eraikitzea
Izan ere, lankidetzan bideratzen da egitasmo hau, Udalarekin batera tokian tokiko ikastetxe eta jubilatu elkarteen eskutik. Jatekoa, aipatu moduan, Atallun kokaturiko ikastetxeko kideek prestatzen dute. Belaunaldiartekotasuna sustatzen du ekimenak; ikastetxeetako gazteak eta helduak batzen ditu eta asteroko hitzordu honek. Baina antolatzaileek nabarmendu bezala, herritar orori zuzendurikoa da eskaintza hau. Edonork parte har dezake, aurrez izena eman beharrik izan gabe.
Gainera, noizean behin, astearteroko paseoak ekintza bereziekin tartekatzen dituzte. "Ariketa fisikoa egitea bultzatzeaz gain, beste bi helburu nagusi ditu ekimenak. Batetik, belaunaldi artekotasunean sakontzea. Horretarako, jubilatuen elkarteek eta ikastetxeek elkarlanean antolatzen dituzte saioak, udalaren laguntzarekin: Gure Pakeak, Arratek, Gure Elkarteak, Aginagako eta Zubietako eskola txikiek eta Udarregi ikastolak. Bestetik, elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ere badu helburu, komunitate izaera sustatzearekin batera", sustatzaileen esanetan.
"Usurbil, goazen kalera"
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:30-12:00.
Tokia: hasiera eta amaiera beti Usurbilgo herri edota auzoetako frontoietan.
Ibilaldi osasuntsuen egutegia:
-Irailak 17: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Irailak 24: Aginagan.
-Urriak 1: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Urriak 8: Santuenean.
-Urriak 15: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Urriak 22: Zubietan.
-Urriak 29: Usurbilgo erdigune inguruan (ekintza berezia).
-Azaroak 5: Aginagan.
-Azaroak 12: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Azaroak 19: Santuenean.
-Azaroak 26: Usurbilgo erdigune inguruan (ekintza berezia).
-Abenduak 10: Usurbilgo erdigune inguruan.
-Abenduak 17: Zubietan.
Elkarlanean: Usurbilgo Udala; Oinarrizko Lanbide Heziketa; Gure Pakea, Gure Elkartea eta Arrate jubilatu elkarteak; eta Zubieta nahiz Aginagako eskolak eta Udarregi ikastola.