Egonleku berria eta beste bi gune berritu izango ditu Zubietak, Usurbilgo Udaletik jakitera eman dutenez. Izan ere, hiru lan egingo dituzte horretarako bertako Herri Batzarrarekin lankidetzan, eguraldiak laguntzen badie, bi asteko tartean. "Berrikuntzak hiru gunetan izango dira: Barazar kaleko berdegunean, errebote plazan eta frontoi ondoko espazioan. Udalak Kimu Bat enpresari esleitu dizkio lanak, 30.655 euroan".
Barazar kaleko berdegunea izango da egonleku berria. "Egonean egoteko espazio izan dadin egokituko dute, nerabe zein helduentzat. Lau eremu izango ditu: egonleku formala, egonleku informala, itzaletako eremua eta etzateko eremua".
Gainerako bi guneei dagokienean, "errebote plazan, berriz, plastiko birziklatuaz egindako hiru piknik mahai jarriko dira, platanondoen azpian. Frontoi ondoko espazioan, egun dagoen pagoaren lur eremua lur-berritu eta sakondu egingo da, eta sahats negarti batekin ordezkatuko da. Bi mahai ere jarriko dizkiote ondoan, esertzeko bankuekin batera".