"Euskara eta, oro har, euskal kultura, ikertzea, zabaltzea eta hauek sustatzeko beste edozein jarduera burutzea" xede duen Bergarako Olaso Dorreak eta udalerri bereko Udalak aurtengo Monzon-Ganuza Saria Zubietan jaiotako abeslari Amaia Zubiriari ematea erabaki dute.
Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzari gorazarre egiten dio sari horrek. "Telesforo Monzonen heriotzaren 40 urteurrenean, berak eta Josefa Ganuzak bezala, bere bizitzaren ardatz Euskal Herria, euskara eta euskal kultura izan duten herritarrak omentzeko saria" da aipaturikoa. Bere bidez, "Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omendu nahi dira".
Saria nori eman erabakitzerakoan, kontuan hartzen dituzte "Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, hala nola, herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroak euskal historian izan duen garrantzia, edo eta batasunaren balioa".
Hilabete barru jasoko du
Aurreko edizioetan, Jose Mari Esparza, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro eta Libe Goñi saritu zituten. Oraingoan, Zubiria omenduko dute sari honen bidez martxoaren 27an herri horretako Seminarixoa aretoan. "Euskal Herria kantuz beteriko bizia eskaini dion utopikoa" da omendua, sari horren sustatzaileen esanetan.
Zubiriak jasoko duen saria "sinbolikoa izango da, eta Telesforo Monzon zein Josefa Ganuzaren balioak ordezkatuko dituen obra artistiko bat izango da. Saria euskal artista berriak sustatzeko erabiliko da. Urtero artista berri bati eskainiko zaio eta horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako eta euskal kulturgintza hauspotzeko ekimen bihurtuko delarik. Modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi dugu".