Zubietako erraustegian sortu eta Artaxoako (Nafarroa) Ecofert konpostatze plantara garraiaturiko lixibiatuen gaia albiste dugu berriz. Izan ere, GuraSOSek ohar bidez jakinarazi duenez, Guardia Zibilaren ingurumenaren babesaz arduratzen den Seprona taldeak Zubietako erraustegiko "lixibiatuek delitu ekologiko larriak eragin zituztela" dio. Gai honi lotutako hiru txostenetatik bitan hala aipatzen dela berri eman du "eta horregatik, Zubietako erraustegiari lotutako zuzendaritzako hamabost goi-kargu eta teknikariek ikertu gisa deklaratu dute Intxaurrondoko kuartelean", GuraSOSen arabera. Ikertuen artean dira, elkarte honen arabera, enpresa eta erraustegiaren arduradun hainbat, "Jose Ignacio Asensio buru duen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) bera barne" dela.
Izan ere, "zehaztu behar da une honetan bi direla erraustegiko lixibiatuen inguruan irekitako auzi judizialak"; lehenengoa, 2020ko martxoan eta maiatzean Arkaitzerrekara isuritako amonikoaz gain, 2022ko uztailean erreka hartara isuritako lixibiatuei buruzkoa da eta bigarrenak "identifikazio kode faltsua duen eta errauskailutik datozen lixibatu horiek Saderrek Bilbon duen eta Ecofertek Artaxoan duen tratamendu plantara bidaltzeari eragiten dio".
ikerketa judizialek zabalik segitzen dute. "Bietan Sepronaren txosten teknikoek Fiskaltzak aipatutako delituak berresten dituzte, baita ingurumen “arrisku larriak” ere". GuraSOSen arabera, "Guardia Zibilak berak, kasuari buruzko txosten luzean, adierazten du Artaxoara
bidalitako lixibiatuei dagokienez, ez zeudela behar bezala kalifikatuta, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako Ministerioak Sepronaren eskariz emandako berariazko adierazpenaren arabera".
"Erreforma-errekurtsoa"
Gai honi lotutako erantzukizunetatik salbuetsi du GuraSOSen esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio. Zehazkiago esanda, "ikertuaren gaineko akusazioak bi ziren", GuraSOSen arabera; ustezko "ingurumen-delituari" eta ustezko “agiri-faltsutzeari” buruzkoak, "bidalitako lixibiatua identifikatzeko kodean" .
Ustezko "ingurumen-delitu" horretatik salbuetsi dute GuraSOSek azaldu duenez, Asensio. Erabaki horren aurka, "erreforma-errekurtso bat" bideratu duela berri eman du GuraSOSek eta tramitera onartua izan dela. "Ondoren, ohar bat zabalduko du Guardia Zibilaren txostenen edukiari buruzko xehetasun gehiago emateko".
Gainerakoan, ustezko "agiri-faltsutzearen akusazioari buruz" ez dute ezer adierazi, GuraSOSen arabera. "Gertaera horiek ikusita, deigarria da Asensio diputatuaren presa eta arduragabekeria; izan ere, kasuaren amaiera iragartzen du oro har eta bereziki berari eragiten dion gaietan, baina erabakita egotetik oso urrun dago", GuraSOSen esanetan.