Abisu horian

Azken orduotako haizeteak begi-bistako eragina izan du Aginagan eta Zubietan

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 20a, 14:51

Zubieta eta Santuenea arteko bidea itxiarazi du goizean, Amiri inguruko zuhaitz baten erorketak. Donostiako suhiltzaileek, bestalde, esku-hartzea egin behar izan dute Ezpaldiko gasolindegian.

 

Haizea bizi asko dabil azken egun eta orduotan eta kalterik ere eragin du. Zubietatik ostegun goizean heldu zaigun irudia duzue albiste honi atxikitakoa. Zuhaitz bat erori da Santuenea eta Zubieta lotzen dituen bidera, Amiri inguruan. Parean dagoen argindar kablea harrapatu du. Bidea etenda geratu da, eguerdirako zabalik zen berriz.

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, bestalde, Aginagako Ezpaldi parean dauden bi gasolindegietako batean, itxita dagoen horretan, esku-hartzea egin behar izan dute. X sare sozialaren bidez berri eman dutenez, "laguntza teknikoko" izaerakoa izan da esku-hartze hori, gasolindegi horretako teilatua egonkortzea xede zuena. 

Abisu horia goizaldera arte
Ostegun honetan, martxoaren 20an, arratsaldeko 15:00ak arte haizeagatik abisu horian jarraituko dugu. Haizeguneetan 110 kilometro ordutik gorako haize-boladak ere izan ditzakegu, haizeguneak ez diren tokietan 100 kilometro ordutik gorakoak.

Egun osoz, bestalde, baso-sute arriskuagatik ere abisu horian segiko dugu. "Baso-sute arriskua nahiko altua da, hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. 

Aipatu agentzitik ohartarazi dutenez, gauerdian berriz jarriko dute indarrean abisu horia haizeagatik, ostiral goizaldeko 6:00ak arte. Denbora tarte horretan, 80 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegu haizeguneak ez diren tokietan eta 100 kilometro ordutik gorakoak haizeguneak diren tokietan.

Iragarpena
Ostegun goiz haizetsua izango dugu, beraz. Gainerakoan, martxoaren 20 honetan Usurbilen, "hodeiak eta ostarteak" izango ditugu Euskalmet-en arabera. "Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta egunaren amaieran euria egin dezake. Hego-haizea gogor ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez".

Ostiralean, hilaren 21ean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta goizaldean zaparradaren bat botako du. Hego-haizea ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Larunbatean, hilaren 22an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu, batez ere egunaren bigarren partean. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean mendebaldera aldatuko da. Tenperatura nahikoa jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.