"Euskara eta, oro har, euskal kultura, ikertzea, zabaltzea eta hauek sustatzeko beste edozein jarduera burutzea" xede duen Bergarako Olaso Dorreak eta udalerri bereko Udalak aurtengo Monzon-Ganuza Saria Zubietan jaiotako abeslari Amaia Zubiriari eman diote, ostegun honetan, Bergarako Seminarixoa aretoan eginiko ekitaldian.
"Ekitaldian zehar, Zubiriaren ibilbide artistiko oparoa eta erreferentziala goraipatu da, eta haren musika, poesiarekiko lotura eta emakume sortzaileen presentzia indartzeko egindako lana nabarmendu dira. Senide, lagun eta adiskideen artean ospatutako ekitaldi hunkigarrian, hainbat adierazpen artistiko eta musikaz lagundutako une bereziak bizi izan dira", eman du berri bertako udalak.
Ekitaldian bertan hartu zuen hitza omenduak. "Amaia Zubiriak hitz hunkigarriak eskaini ditu saria jasotzean, senide, lagun eta bertaratutakoei eskerrak emanez. Poesia, hitz sentikorrak eta ironia uztartuz, bere ibilbidearen errepasoa eskaini du".
Zubietako musikariak euskal kulturgintzari eginiko ekarpen aberatsa nabarmendu dute Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak. Horregatik Zubiriari emandako saria, "eskerrona eta miresmena adierazteko modu bat" da haien esanetan.
Bergarako alkatearen aburuz, “Amaia Zubiriak euskal musikaren esparrua eraldatu eta aberastu du, emakume kantari baten ahotsa lehen lerrora eramanez eta doinu tradizionalak berrituz. Herri kantak, jazzaren ukitua, poesiaren indarra eta zinema musikarako ekarpenak uztartu ditu, bere ibilbidean beti berrikuntzaren eta sormenaren bidetik jorratuz. Haren bizitza eta ibilbidea euskal kulturaren eta musikaren aldeko konpromiso sakon baten adibide dira”.
Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak Zubiriak eta bere belaunaldiko emakumeek eginiko lana goraipatu zuen: “Metalak bezain gogorra eta hauskorra den gure oskolean zirrikituak egin dituzuelako. Arrakala horietatik sartu den musikarekin herriaren bihotza poztu duzue, Amaia, eta horregatik bihotzez maite zaituzte herriak.
Sariaz
Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzari gorazarre egiten dio sari horrek. "Telesforo Monzonen heriotzaren 40 urteurrenean, berak eta Josefa Ganuzak bezala, bere bizitzaren ardatz Euskal Herria, euskara eta euskal kultura izan duten herritarrak omentzeko saria" da aipaturikoa. Bere bidez, "Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omendu nahi dira".
Saria nori eman erabakitzerakoan, kontuan hartzen dituzte "Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, hala nola, herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroak euskal historian izan duen garrantzia, edo eta batasunaren balioa".
"Euskal Herria kantuz beteriko bizia eskaini dion utopikoa"
Aurreko edizioetan, Jose Mari Esparza, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro eta Libe Goñi saritu zituten. Oraingoan, Zubiria omendu dute sari honen bidez martxoaren 27an herri horretako Seminarixoa aretoan. "Euskal Herria kantuz beteriko bizia eskaini dion utopikoa" da omendua, sari horren sustatzaileen esanetan.
Zubiriak jasoko duen saria "sinbolikoa izango da, eta Telesforo Monzon zein Josefa Ganuzaren balioak ordezkatuko dituen obra artistiko bat izango da. Saria euskal artista berriak sustatzeko erabiliko da. Urtero artista berri bati eskainiko zaio eta horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako eta euskal kulturgintza hauspotzeko ekimen bihurtuko delarik. Modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi dugu".