1981. urtetik kontsumitzaileon eskubideen defentsan dihardu "FACUA" izeneko irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundeak. Merkatuaren kontrola, arautzea, kalitatea, etiketatzea eta produktu zein zerbitzuen publizitatea hobetzea aldarrikatzeko lanean darama 44 urtez.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak, "FACUA Euskadi"-k alegia, Zubietako erraustegiaren aurrean urgentziaz neurriak hartzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari. Zehazkiago esanda, beharrezko neurriak hartzea eskatu dio Gasteizko gobernuari, "Zubietako erraustegiak eragindako kutsadura maila altua" eteteko. "FACUA Euskadi"-k ohartarazi moduan, "Europar Batasunak baimendutako mugak gaindituak ditu" Zubieta gaineko plantak isuritako kutsadura maila horrek.
Azken urteotan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren eskariz, Holandako ToxicoWatch Fundazioa erraustegiaz egiten ari den kontrol lanari lotutako azken txostenean kaleraturiko datuak hartu ditu aintzakotzat, baieztapen horiek egiteko. Hala dio "FACUA Euskadi"-k: "ToxicoWatch Fundazioaren txosten batek, Zero Waste Europe-n laguntzaz eginikoa, erraustegiaren inguruan kutsadura maila orokor eta arriskutsua" antzeman duela gogorarazi du; "dioxinak, PFAS (agente kimiko sintetikoak) eta metal astunak. Dioxinen maila, ToxicoWatch Fundazioak Europan azken hamahiru urteotan aurkitutako altuena da".
Kontrol zorrozteko eskaera
Aipatu gobernuz kanpoko erakundetik ohartarazi moduan, azterlan horretako datuek agerian uzten dute, erraustegia "osasun publikoan, ekosistemetan eta elikadura segurtasunean" eragiten ari den arriskua. Izan ere, "kutsadura dago lurrean, uretan, landaredian eta elikagaietan, hurbileko abeletxeetako arrautzetan".
"FACUA Euskadi"-k argi ohartarazi duenez, erraustegiaren hurbileko biztanleria "Europako araudiak baimendutako mugen oso gainetik" dauden sustantzia kimiko toxikoen eraginpean bizi da. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du "urgentziaz jokatzea" Zubietako erraustegiak eragindako kutsadura maila handia eten ahal izateko. Horretarako, egoera "monitorizatzea eta konponbideak aurkitzea" galdegin du.
Kontrol lan horrek nolakoa behar lukeen zehaztu du. Erraustegiaren inguruak maiz biomonitorizatu beharko liratekeela irizten dio, bereziki "elikagaien ekoizpen eremuak" baita egoera horretan zaurgarria den biztanleria ere.
Elkargune horrek kaleraturiko oharra berriz ere Eusko Jaurlaritzari zuzendutako mezuarekin borobildu du. Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari urgentziaz handiagoz jokatzea eskatu dio; "arazo hau konpontzeko beharrezko neurriak" hartzea galdegin dio, eta hartara, "Zubietako erraustegiaren gertuko biztanleen osasunerako arrisku hau gutxitzea".