Gipuzkoako Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko egoitza izango da Zubietako Eskuzaitzeta aurrerantzean. Izan ere, "MUBIL Center" inauguratuko dute astelehen eguerdi honetan, maiatzaren 12an. "Inaugurazio hau garrantzi handiko mugarri bat da, bai lurraldearentzat eta baita Europako mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren eremuarentzat ere", Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan. Erreferentetzat jo dute, 9.700 metro karratu izango ditu.
Hitzorduan, "Gipuzkoako eta Euskadiko erakundeetako ordezkariak egongo dira, baita mugikortasunaren sektorearekin lotutako enpresa-ehunaren ordezkari nabarmenak ere. Besteak beste, mugikortasunaren balio-katean kokatzen diren enpresak eta teknologia eta ikerketa-zentroetako ordezkariak izango dira bertan".
2018an abiarazi zuten proiektu hau, "etorkizunari aurrea hartu eta Gipuzkoa mugikortasun berriaren abangoardian kokatzeko asmoz. Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak diseinatutako lankidetzazko gobernantza eta aurreratze estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia honen helburua etorkizuneko lehiakortasuna eta enplegua sustatzea da, Gipuzkoako industria-sarearen etorkizuneko garapenerako funtsezkoak diren espezializazio esparruetan proiektu estrategikoak identifikatuz, diseinatuz eta gauzatuz. Estrategia honek, Gipuzkoako enpresa-sare tradizionala zaindu eta babesteaz gain, aukerak eta merkatu berriak sortzea du helburu".
Egoitza berri honetan, "azken belaunaldiko operazio-zentro aurreratua aurkitzen da, energia biltegiratzeko laborategi modernoez, trakzio-sistema elektrikoez eta hidrogeno-pilez hornitua. Zentro honen inaugurazioa trantsizio energetikorako urrats garrantzitsua da. Izan ere, Europatik datozen helburu klimatikoekin lerrokatu eta 2030erako berotegi-efektuko gasen emisioa %55 murrizteko estrategiarekin bat baitator. Testuinguru honetan, MUBIL Center teknologien garapenerako gune estrategikoa izango da, elektro mugikortasunaren eta garraioaren digitalizazioaren arloetan, besteak beste".
Inaugurazio ekitaldia zuzenean zuzenean eskainiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Albiste honi atxikitako bideoan ikusi ahalko duzue.