Euskaraldia

Kantuan eta dantzan agurtu dute Euskaraldia Zubietan

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 23a, 16:53

Azken txanpan da Euskaraldia. Zubietan, Udaberri Jai zikloaren baitan agurtu dute laugarren edizioa.

Bi egun baino ez laugarren Euskaraldia agurtzeko. Guztion hizkuntza ohituretan eragitea xede duen ariketa kolektiboaren azken txanpan gara. Agurtzen hasiak gara inguruotan, bai behintzat Zubietan. Ostiralarekin bat, bertako eskolako komunitateak kantuan eta dantzan egin dio gorazarre laugarren Euskaraldiari, gaur bazkalostean, errebote plazan. Denetariko euskarazko abesti ezagunen karaokean parte hartu dute lehenik. Amaieran, denek batera Euskaraldiaren abesti ofizialaren erritmora koreografia ederra plazaratu dute.

Amaiera girotua
Etzi amaituko da ekinaldi hau. Hasi bezala amaituko da Usurbilen, bukaera girotuarekin. Ekimena udalerri honetan dinamizatzen aritu den herritarren batzordetik jakinarazi dutenez, herri argazki batekin eta Anuk eta Eleneren emanaldiarekin agurtuko du herri honek laugarren Euskaraldia maiatzaren 25ean.

Kantu Festa eta UdaFest
Bukaera ofizial horren aurretik, Kantu Festa antolatu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Zarauzko, Lasarte-Oriako eta Hondarribiako kantu taldeak bisitan izango ditugu eta haiekin batera, usurbildarrak ere kantu-jiran barneratuko dira herriko kaleetan zehar. Bi bisita gidatutan parte hartuko dute gainera, kantu-bazkaritan biltzearekin batera.


4. Euskaraldia
Maiatzak 25, igandea
Kantu Festa

10:30 Herri-bisita: Usurbil Museo Irekia.
12:00 Kantu Jira.
14:00 Kantu-bazkaria ikastolako jangelan. Menua: 25 €. (Kantu taldearekin harremanetan jarri).
18:00 Cavaillé-Coll/Mutin, Salbatore parrokiako organoaren azalpena Joan Luis Atxegaren eskutik.
- Elizako koruan organoaren laguntzarekin: Txoria-txori./ Gure ametsak.
- Dema plazan kantuzaleon arteko agurra.
- Partitzeko tenorea.
Zehaztasunak: "Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak, Kantu Festa ekimena antolatu du Zarauzko Montetxio, Lasarte-Oriako Xumela eta Hondarribiko Olagarro kantu taldeekin partekatuz. Euskaraldia-2025 ekimenaren amaierarekin bat eginez, euskaldun egiten gaituen euskara bultzatuz, euskal kantuen aldarrikapena plazaratu nahi luke, kantuez eta kontuez gozatzeko gogoz dagoen guztia gonbidatuz".
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.

Maiatzak 25, igandea
19:00 Euskaraldiaren amaierako ekitaldia Mikel Laboa plazan:
-Herri argazkia.
-Anuk eta Eleneren emanaldia.
Deitzailea: Euskaldiaren herri batzordea.

Argibide gehiagorako: euskaraldia.eus