Kate modukoa osatu dute mobilizazioan parte hartu dutenek. Kate modukoa osatu dute baita mobilizazio horren zergatia azaltzen duten aldarri eta mezuekin. Besteak beste, erraustegia geratzeko eta osasuna zaintzeko eskaerak biltzen zituzten kartel horiek, "kutsatzailea, garestia, bidegabea, alferrikakoa delako". Eragiten duen kutsadura ohartarazten zuen beste batek; "erraustegiak zabaltzen ditu dioxinak, furanoak, PFAS "kutsatzaile eternoak", metal astunak...". Erraustegia Gipuzkoako C02 sortzaile handienetakoa dela ere ohartarazi dute.
Egoera horren aurrean, zero zabor sustatzen duten sistemak Gipuzkoa osora hedatzea eskatzen zuten hainbat mezuek. Baina nagusiki, erraustegiak egunero kutsatzen segitzen gaituela ohartaraziz, behingoz gelditzea exijitu dute. Mobilizazioa egin duten lekuan bertan, urte hauetan guztietan Errausketaren Aurkako Mugimendutik bideraturiko dinamika, ekimen, manifestazio eta abarren kartelekin erakusketatxoa egokitu dute Donostiako Gipuzkoa plazan.
"Hasieratik eta egunero kutsatzen"
Segidan duzue, mobilizazioan zehar plazaratu duten adierazpena osorik. Deitzaileek nabarmendu dutenez, "Zubietako erraustegia hasieratik eta egunero kutsatzen ari da inguruko pertsonak, animaliak, landareak, lurzorua eta ingurumen guztia". Adituek ildo horretan eginiko ohartarazpenen nahiz ToxicoWatch fundazioaren azterketen edota Aldundiak nahiz Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) berak eginiko ikerketen aurrean, ordea, "aginte publikoek ez dute betetzen beren eginkizuna erraustegia bezalako fabrika arriskutsuak kontrolatzeko", Errausketaren Aurkako Mugimendutik adierazi dutenez.
Horrekin batera, "Gipuzkoako Foru Aldundiak eta errausketa sustatzen duten alderdiek ez dute kontutan hartu erraustegiari ezetz esaten zion herritarraren hitza, ez dute kritikarik txikiena ere onartu, beren erabakietatik kanpo utzi dituzte herritarrak eta mugimendu sozialak".
Horregatik, mobilizatzera deitu dituzte Gipuzkoako herritarrak larunbat honetan, Donostian antolatu duten elkarretaratzean.
Erraustegiak egunero kutsatzen gaitu. Erraustegia gelditu!
Zubietako Erraustegia hasieratik eta egunero kutsatzen ari da inguruko pertsonak, animaliak, landareak, lurzorua eta ingurumen guztia.
Behin eta berriro adituak ari zaizkigu ohar nabarmenak egiten: urtetik urtera pilatzen ari dira Erraustegiak zabaldutako pozoiak, dioxinak, furanoak, metal astunak, PFASak eta beste kutsagarri arriskutsuak.
ToxicoWatch fundazioaren azterketek garbi erakutsi dute hori eta Erraustegiaren jabeak -Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK partzuergoak-ordainduta BioGipuzkoak egindako ikerketak ere hala erakutsi du, gero hedabideetan egia ezkutatzen saiatu arren.
Aginte publikoek ez dute betetzen beren eginkizuna Erraustegia bezalako fabrika arriskutsuak kontrolatzeko. Ez dituzte kontutan hartzen kutsaduraz ohartarazten duten ikerketak; ez dituzte ikertzen behin eta berriz Erraustegian gertatu diren sute eta istripuak; ez dute konpondu azken bost urteotan Arkaitzerreka kutsatzen duen isuri pozoitsua; Arkaitzerreka pozoitzen ari direla erakutsi du Guardia Zibilaren SEPRONA unitateak berak... eta horri ere ezikusia egiten diote.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta errausketa sustatzen duten alderdiek ez dute kontutan hartu erraustegiari ezetz esaten zion herritarraren hitza, ez dute kritikarik txikiena ere onartu, beren erabakietatik kanpo utzi dituzte herritarrak eta mugimendu sozialak. Hala baztertu dute hasieratik GuraSOS elkartea. Orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoi eman dionean GuraSOSi... hainbeste urte pasa eta gero... hainbeste kalte eragin eta gero... orain zer egin behar dute Foru Aldundiak eta Erraustegiaren propagandistek?
Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egiten die Gipuzkoako herritarrei Gipuzkako Foru Aldundiaren aurrean mobilizatzera maiatzaren 24an, eguerdiko 13:00etan. Berriro ere ozen aldarrikatu behar dugu: ERRAUSTEGIAK EGUNERO KUTSATZEN GAITU. ERRAUSTEGIA GELDITU! EZ, EZ, EZ: ERRAUSTEGIRIK EZ!!