"Erraustegiak egunero kutsatzen gaitu. Erraustegia gelditu!" aldarripean, aurreko larunbatean Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta Donostian eginiko elkarretaratzean salatu zuten "Zubietako erraustegia hasieratik eta egunero kutsatzen" ari dela "inguruko pertsonak, animaliak, landareak, lurzorua eta ingurumen guztia".
Mobilizazio berean, agintariei "erraustegia bezalako fabrika arriskutsuak kontrolatzeko" dagokien eginkizuna ez betetzea egotzi zieten eta kontuan ez hartzea, "kutsaduraz ohartarazten duten ikerketak". Horrekin batera, erraustegiaren aurkakoen hitza aintzakotzat ez hartzea eta herritarrak nahiz mugimendu sozialak haien erabakietatik kanpo utzi izana ere salatu zuten. Adibide gisa jarri zuten GuraSOSen egoera. "Hala baztertu dute hasieratik GuraSOS elkartea. Orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoi eman dionean GuraSOSi... hainbeste urte pasa eta gero... hainbeste kalte eragin eta gero... orain zer egin behar dute Foru Aldundiak eta Erraustegiaren propagandistek?".
"GHK-k GuraSOS ito nahi du bide ekonomikotik"
Galdera horri egun honetan erantzun dio GuraSOSek berak. Izan ere, ohar bidez jakinarazi duenez, "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak GuraSOS ito nahi du bide ekonomikotik", noiz eta, Espainiako Konstituzio Auzitegiak "elkarteari epaitegietara jotzeko legitimazio aktiboa aitortu eta aste batzuetara".
Hain zuzen, aipatu elkartetik berri eman dutenez, "Auzitegi Konstituzionalak GuraSOSi babesa eman eta aste gutxira, errauskailuaren Ingurumen Baimenaren aurka helegitea jartzeko legitimazio aktiboa aitortuz, elkarteko Zuzendaritza Batzordeko hiru kideak Bake Epaitegietan deitu dituzte GHK-k hainbat kostu judizial ordaintzeko eskatzen dien demanda helarazteko (8.420 €). Kostu horietako batzuk, hain zuzen ere, Konstituzio Auzitegiak aztertutako kasuari dagozkio".
"Elkartea mehatxatu eta erasotzen du"
Haien aurkako jokabide hau salatu du GuraSOSek. "GURASOSek ekintza judizialak burutu ditu erraustegiaren kudeaketan irregulartasun larriak salatuz. GHK-k, dagozkion barne ikerketak hasi eta erantzukizunak garbitu beharrean, salaketa jarri duen elkartea mehatxatu eta erasotzen du, eta pertsonalki bertako kideak, herritarrek erabilitako kontrola desagertzea eta ezabatzea bilatuz".
Kezka handia agertu du elkarteak "euskal erakundeek ingurumen arloan duten noraez antidemokratikoagatik. Hasiera batean, Konstituzioaren aurkakotzat jo zuten artikulua. Ingurumenari buruzko Euskal Legearen 3. artikulua, edozein herritarri ingurumen arloko ekintza publikoa bermatzen ziona. Bigarren une batean, GuraSOSi erraustegiaren Ingurumen Baimena errekurritzeko legitimazio aktiboa ukatzea izan zen bere estrategia. Estrategia hori orain Auzitegi Konstituzionalak indargabetu du martxoaren 24ko epaiarekin, GURASOSi babesa eman baitio eta elkarteak jarritako errekurtsoa onartu ez zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia baliogabetu baitu. Orain ikusten dugu nola GHK-k bat egin duen Greenpeace desagerrarazten saiatzen ari den Energy Transfer petrolio- enpresaren estrategiarekin".
Oso larritzat eta ezohikotzat deritzo GuraSOSek "administrazio batek herritarren kritika eta kontrola desagerrarazi nahi izatea, mehatxuen eta bahiketen bidez disuaditzen saiatuz, asoziazionismoa eta osasunaren eta ingurumenaren defentsa bera arriskuan jarriz".
Testuinguru honetan, "agintariei dei egin nahi diegu, proiektuaren inguruan dagoen ingurumen defizit demokratikoa zuzentzeko, proiektuari zilegitasunez erantzuten dioten ekimen sozialen aurrean duten jarrera etsai eta mespretxagarria uzteko, eta elkarrizketarako eta elkarlanerako bideari ekiteko, Kontrol Demokratikorako Mahaiaren inguruan parte-hartzean eta akordioan oinarritutako irtenbidea lortzeko".
Albiste honi buruzko xehetasun gehiago, helbide honetan eskura ditzakezue: GuraSOS-en bloga