Errebote partida "historikoa", Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren ehun urteen omenez

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 8a, 14:46

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren 100. urtemugari lotutako errebote partida berezia jokatu du Zubietak, non eta Donostiako Alderdi Ederren.

"Errebotearentzat egun historikoa izatea" nahi zuten eta antolatzaileek iragarri moduan, historikoa izan da gaurkoa. Donostiako udaletxe ataria, Alderdi Eder erreboterako jokaleku egokitu eta partida berezia jokatu dute ehun urte bete dituen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren omenez.

Zubietak parte hartu du hitzorduan, Villabonako Behar Zana eta Oiartzungo Txost taldekoekin batera. Hitzordua, gainera, bertsoz girotu dute Alaia Martinek eta Beñat Gaztelumendik.

Gunea egokitzeko antolatzaileek iragarri moduan, "bi pareta erraldoi" altxa dituzte eta horrekin, "70 metro luze eta 12 metro zabaleko errebote plaza eraiki dute Alderdi Ederren.

Mendeurrenarekin bat
Urtarrilean aurkeztu zuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak bere mendeurreneko ekimenen zikloa, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Hitzorduak federazioko kideak, udalerrietako pilota elkarteak, babesleak edota hainbat erakundeetako ordezkari batu zituen; haien artean zen, esaterako, Usurbilgo zein Zubieta Pilota Elkarteko ordezkaritza bat edota Usurbilgo Udala. Udala hain zuzen, mendeurreneko ospakizunen babesleen artean egongo da. Pilota federazioa, bestalde, Zubietako errebote plazako garai bateko neurketa baten argazki bat baliatzen ari da, gipuzkoapilota.eus atarian ziklo honi eskainiko dion atalaren azalerako.