Gaur hasiko da lehiatzen Miriam Arrillaga Plazandreak txapelketan

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 23a, 08:00

Herri ordezkaritza izango du aurtengo Plazandreak pilota txapelketak. Izan ere, lehiakideen artean izango da Miriam Arrillaga Beloki. Gaur jokatuko du lehen neurketa. ETB-k eskainiko du.

Abiatzear da 2025eko Plazandreak txapelketa. "Gaztetasuna eta ilusioa eskutik hartuta datoz emakumeen esku pilota prime-timera", iragarri dute. Astelehen honetan, ekainaren 23an hasi eta uztailaren 21era bitarte jokatuko dira lehiaketako bost jardunaldiak Bilboko Esperantza pilotalekuan. "Bost astez, Euskal Telebistaren lehen kateak egungo espezialistarik onenak bilduko dituen bost jaialdi eskainiko ditu, EITB-k kirol honen alde egindako apustu sendoaren seinale". Jaialdi bakoitzeko bi neurketa jokatuko dira, "bat banaka, lau eta erdiaren barruan, eta bestea binaka".

Pilotari parte hartzaileei erreparatuz gero, "txapelketa oso orekatua espero da torneo batean zein bestean. Denboraldi osoan argi geratu da azpitik datozen pilotariak gauzak gero eta zailagoak jartzen ari zaizkiela betiko izarrei eta belaunaldi desberdinen arteko talka hor ikusgarria izango da".

Herri ordezkaritza izango du txapelketa honek. Izan ere, Miriam Arrillaga Beloki izango du lehiakideen artean. Arrillagak banaka jokatuko du lau eta erdiaren barruan. Bere lehen partida gaur gauean eskainiko du ETB-k gaueko 23:00etatik aurrera.