Zenbat denbora daramazue jaiak antolatzen?
Elur Zaldua: Nire kasuan, esango nuke hau hirugarren urtea dudala jai batzordean parte hartzen.
Ekain Zuriarrain: Antzeko hasi ginen biak jaiak antolatzen. Nik Gasteizen ikasten dut eta horregatik, hasierako bileretan eta bukaerakoetan laguntzen dut.
Eta noiz izaten dira hasierako bilera horiek?
Zaldua: Urtarrilean hasten gara Gabonetako oporraldia eta gero.
Zeintzuk dira aurtengo berritasunak?
Zaldua: Bakarlari bat ekarriko dugu, Julen Axpe komikoa, trikitilari eta panderoaren ordez. Gero ere giza-proba egingo dugu zortzi pertsonako talde bat bi behorren kontra.
Zuriarrain: Aurten arratsaldeak betetzen saiatu gara. Usurbilgo elektro-txaranga bati deitu diogu arratsaldetik giroa jarri dezaten.
Photocall-a zertan datza?
Zaldua: Aurreneko egunean beti herri afaria egiten dugu, eta aurten bizitasuna emateko Elegantzia abstraktua jarri dugu gai bezala jendea jantzita etorri dadin eta argazkiak ateratzeko. Denak dira ongietorriak.
Zuriarrain: Lehenengo egunean txupinazoa eta herri afaria izaten dira, eta normalean Zubietako jendea egoten da eta haiei bideratuta dago. Kanpotik datozenak parrandara elegante etorri nahi badute ere ondo.
Mendi-buelta herrikoia ere berria da. Zer da oinez, bizikletaz, nola da?
Zuriarrain: Eguraldi ona aprobetxatuz ibilaldia egitea aukera ona ikusten genuen musikaz girotuta eta hamaiketako batekin Andatza gainean. Lehiatu nahi dutenentzat, lasterketa egingo dugu.
Nola iritsi zaizue zuei indarkeriaren aurkako Usurbilgo udalaren protokoloa?
Zaldua: Jai batzordeko hiru pertsona udalarekin edukitako bilera guztietara joan dira, eta beraiek izango dira protokoloaren arduradunak. Leku seguruak zehaztea falta zaigu.
Zuriarrain: Leku seguruak zein izango diren gutxi gorabehera badakigu, baina asmoa da txosnetako txandaren bat egin behar dutenei bilera batean azaltzea protokoloa zertan datzan.
Jaietan nola egiten duzue jai batzordean egotea eta parranda egitea aldi berean?
Zaldua: Zaila da denoi gustatzen zaigulako parranda. Baina gure egun gogokoena lehen eguna izaten da. Jende gutxi etortzen da eta gehiago disfrutatzen dugu. Beste egunetan normalean lan handia egiten dugu, eta bakoitzaren lan txandak errespetatzen saiatzen gara. Hala ere, beti disfrutatzen dugu.
Zuriarrain: Herri txiki bat izanda jaiak antolatzeko jende gutxi gaude, eta dena denon artean egiten dugu. Horrek, denbora guztian jende berdina lan egiteko adi eta prest egotea inplikatzen du. Beti disfrutatzen dugu jaiez.
Zubietako jaiak 2025
Uztailak 24, osteguna
• 19:00 Jaien hasiera: Txupinazoa eta buruhandiak.
• Jarraian txoznen irekiera Elene eta Anukek girotuta.
• 21:00 Herri afaria, Zubietako Pilota Elkartearen eskutik.
• Jarraian PhotoCall herrikoia (Gaia: Elegantzia Abstraktua).
• Ondoren Itzal taldearekin dantzaldia.
Uztailak 25, ostirala SANTIO EGUNA
• 09:00 Esnaldia, Donostiako txistulari bandaren eskutik.
• 11:00 Meza Nagusia.
• Ondoren Hamaiketakoa, Yoko Garbi elkartearen eskutik, eta soka-dantza.
• 18:00 Desafiyua.
• 19:30 Bertsolariak: Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Aner Euskitze, Amaia Iturriotz. Gai-emailea: Zortzitan Bertso Eskola.
Uztailak 26, larunbata JUBILATUEN EGUNA
• 12:00 Sagardo dastaketa eta pintxoak plazan.
• 14:00 Jubilatuen bazkaria Yoko Garbi elkartearen eskutik.
• 16:00 Mus txapelketa (ordu erdi lehenago izen-ematea).
• 18:00 Giza proba erakustaldia.
• 19:00 Sardin eta piper jana plazan.
• 20:00 Bingoa.
• 23:00 Kontzertuak: Leihotikan, Trikidantz, Dj Hidalgo.
Uztailak 27, igandea
• 18:00 Bakarrizketa Julen Axperen eskutik plazan.
• Jarraian Ibey Beatboxen emanaldia.
• 19:30 Krokepote txoznan.
Uztailak 28, astelehena OILASKO BILTZAILEEN EGUNA
• 06:00 Oilasko biltzaileen irteera Ane eta Alazne trikitilariek alaituta.
• 14:30 Oilasko biltzaileen iritsiera.
Uztailak 29, asteartea UMEEN EGUNA
• 10:00 Jolasen hasiera.
• 14:00 Umeen bazkaria: bakoitzak berea ekar dezala, eta gure kontu postrea eta sorpresa.
• 16:00 Jolasen jarraipena.
• Ondoren txokolatada.
• 18:00 Erraldoi eta buruhandi erakustaldia, Usurbilgo Erraldoi Konpartsaren eskutik.
Uztailak 30, asteazkena GAUPASA EGUNA
• 08:45 Mendibuelta herrikoia Andatzara.
• 14:00 Bertso bazkaria Yoko Garbi elkartean.
• 17:00 Herriko gaztetxoen Yoko Garbi emanaldia Errebote plazan.
• 18:00 Ondoezik Elektrotxaranga.
• 22:00 Plan B kontzertua Gurdirocken eskutik.
• 00:00 Kontzertuak: Ezpalak, Herenegun, Dj Bull.
Uztailak 31, osteguna SAN INAZIO EGUNA
• 10:30 Meza.
• 11:00 Zubietarren arteko errebote partida.
• 14:00 Zikiro jana.
• 18:30 Herri Kirolak.
• 23:00 Herriko jaien amaiera, traka eta suziriekin.
Oharrak:
• Jaietan gerta litezkeen ezbeharretan, Zubietako Jai Batzordeak ez du erantzukizunik.
• Jaietan ez da onartuko eraso sexista, homofobo edo arrazistarik.
Gurdi Rock jaialdiaren 6. edizioa
Aste honetako aldizkaria inprentara bidali eta gero iritsi zitzaigun Gurdi Rock jaialdiaren kartela. "Zubietako gazte batzuk egitarau alternatibo bat antolatu degu Zubietan", hori ere aipatzen ziguten idatzian. Kartel honetan dituzue prestatu dituzten ekitaldiak: